2025/1/19 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Mondraberri
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan diote garaipena Ane Agirreri eskaini. Baztanen kontra Mojategin jokatutako partiduaren atarian azaroan zendutako presidente ohiari omenaldia egin diote, eta bertan bere senitartekoak izan dira: Iñigo Arriaran alarguna, lehen taldeko jokalari eta bere seme Iraitz Arriaran eta bere neba Zigor Agirre. Taldeek ohorezko pasilloa egin diete hirurei; ondoren, aurreskua dantzatu eta plaka bat Agirreren omenez egindako bertso batekin jaso dute eta, azkenik, partidua hasi aurretik ohorezko sakea egin dute. Esan bezala, tamalez, talde zuri-moreak ezin izan dio garaipena zendutako presidente ohiari eskaini, Baztan nagusitu baita 25-26ko emaitzarekin.

Partidua hasi eta gutxira, bosgarren minutua bete baino lehen, aurreratu da markagailuan Kanpanzar Arrasate, Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez. Arrasatearrek ia 20 minutuz eutsi diote 3-0eko errentaria, Baztanek entsegua lortu duen arte. 3-7koarekin konformatu ez eta, lehenengo zatiko ordu erdia igarota, nafarren bigarren entsegua heldu da.
Bazirudien 3-14koarekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, arauzko denbora amaitzear zela, Haritz Ezpeletak Kanpanzar Arrasateren aurreneko entsegua lortu du. Sarrailagileek ez dute asmatu transformazioa gauzatzerako orduan eta, honenbestez, 8-14ko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatiko hasiera parekatua izan da, halere, bosgarren minutuan Portalok zigor kolpe bati etekin ezin hobea atera eta bisitarien errenta murriztu egin du (11-14). Zoritxarrez, Baztanek 10 minutuko epean bi entsegu egin ditu, horietako bat transformatuz eta markagailuan 11-26koa ezarriz. Egoera horretan, partidua maldan gora jarri zaioa Kanpanzar Arrasateri.
Partidu amaiera arte ez da heldu Barrutiaren mutilen susperraldia: Norgehiagoka amaitzeko 10 minutu eskasen faltan Ander Hickeyk entsegua egin, eta Portaloren ondorengo transformazioak itxaropenerako bidea zabaldu du (18-26). Azken txanpan Portalok berak arrasatearren hirugarren entsegua egin eta, ondoren, ez du hutsik egin transformazioan. Tamalez, jada beranduegi zen markagailua iraultzeko, eta lehia 25-26ko emaitzarekin amaitu da.