2025/1/4 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek atzo, zapatua, eman zioten ongi etorria 2025. urteari, 5. jardunaldian Atletiko San Sebastianen kontra atzeratutako partidua jokatuz. Aieten hotz zelairatu ziren Julen Barrutiaren mutilak eta, lehenengo zati kaskarraren ostean, zama handiegia izan zen bigarrenean markagailua irauli eta Arrasatera zerbait positiboa ekartzeko. Azken emaitza 30-22 izan zen etxekoen alde.
Partidua galdu arren, lehenengo kolpea Kanpanzar Arrasatek eman zuen, hirugarren minuturako eta zigor kolpe batez baliatuz, Ibai Portalok 0-3koa ezarri baitzuen markagailuan. Sarrailagileen pozak, baina, etzuen luzaroan iraun, ordu laurdena bete orduko eta, kasu honetan ere zutoinen artera bidalitako bi zigor kolpeen bitartez, 6-3 baitzen aurretik Atletiko San Sebastian.
Hortik aurrera Kanpanzar Arrasateren gainbehera etorri zen. Atsedenaldira joan aurretik donostiarrek bi entsegu gehiago egin zituzten eta, honenbestez, 16-3ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Aldageletatik bueltan ez zen egoera hobetu Barrutiaren mutilentzat, bigarren zatia hasi eta bost minutu eskasetara donostiarrek entsegu berri bat lortu baitzuten, kasu honetan transformazioan asmatuta. Ordurako markagailuak jada 23-3koa erakusten zuen eta, hori gutxi balitz, bost minutu beranduago Atletiko San Sebastianek errenta 30-3raino handitu zuen.
Galtzeko ezer gutxi zuela ikusita, hortik aurrera iritsi zen talde zuri-morearen susperraldia. Epaileak Kanpanzar Arrasatearen aldeko zigor entsegua adierazi zuen 62. minutuan eta, handik gutxira, Asier Delgadok bisitarien aurreneko entsegua lortu zuen. 30-15ekoarekin, eta partidua amaitzeko oraindik ordu laurdena geratzen zela ikusita, itxaropenerako bidea zabaldu zen sarrailagileentzat. Testuinguru honetan, Manex Barrutiaren entseguak eta Portaloren ondorengo transformazioak 30-22koa ezarri zuten markagailuan. Zoritxarrez, ordurako bost minutu bano etziren falta arauzko denbora amaitzeko eta, aurretik esan bezala, lehenengo zatiko zama handiegia zen.