2024/12/22 | ISEI BARBERO | Argazkia: Aitor Laskurain

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. mailako 10. jardunaldia jokatu da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek Eibarri egin diote bisita. Norgehiagoka zapatu eguerdian jokatu zen Unben, 12:00etan hasita, eta bertan Julen Barrutiak zuzendutako taldea 22-29 nagusitu zen .

Eibar azken sailkatua izanik, faborito gisa heltzen ziren hitzordu honetara Julen Barrutiaren mutilak. Partidua, baina, berehala jarri zitzaien maldan gora arrasatearrei, 5. minuturako 10-0 baitziren aurretik etxekoak. Hamargarren minutua bete baino lehen, ordea, Ander Hickey Kanpanzar Arrasateren aurreneko entsegua egin eta 10-5ekoa igo zen markagailura.

Eibar eta Kanpanzar Arrasateren arteko lehiak utzitako irudia.

Indarrak parekatuta egon ziren lehenengo zatian, eta ordu erdia igarota bere hirugarren entsegua egin zuen Eibarrek, oraingo honetan transformazioan asmatuta (17-5). Atsedenaldira joateko sei minuturen faltan, baina, Manex Barrutiaren entseguak eta Arizaletaren transformazioak 17-12koa ezarri zuen markagailuan. Emaitza horrekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Lehenengo zatian parekotasuna izan bazen nagusi, bigarrenean Kanpanzar Arrasatek bere nagusitasuna ezarri zuen. Baloia jokoan jarri eta berehala lehia berdindu egin zuten bisitariek, oraingo honetan Andoni Narbaizaren entseguaren bitartez. Hamargarren minutua bete baino lehen 17-22 aurretik ziren jada Barrutiarenak, Haritz Ezpeletaren entsegua tarteko. Horrekin konformatu ez eta, bigarren zatiko 25. minutuan, Narbaizaren kontu pertsonaleko bigaren entseguak eta Arizaletaren transformazioak arrasatearren abantaila 17-29raino handitu zuen. Partidua amaitzear zela Eibarrek entsegua egin, eta amaierako 22-29a jarri zuen markagailuan.

Garaipen honekin bosgarren postuan amaitzen du urtea Kanpanzar Arrasatek, bederatzi partiduetan sei garaipen eskuratuta, eta patrikan 25 puntu dituela. Barrutiaren mutilek urtarrilaren laura arte ez dute partidurik jokatuko, Atletiko San Sebastianen kontrakoa, hain justu ere.

Categorías: Seniorrak