2024/12/15 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Mondraberri

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipena eskuratu dute asteburu honetan. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Hernani hartu zuen Mojategin zapatu arratsaldean eta, bertan, etxekoek garaipen erosoa erdietsi zuten. Sailkapenean puntu bakarreko aldearekin heltzen ziren hitzordura bi taldeek baina, berdegunean, Barrutiarenek eraginkortasun handiagoa erakutsi zuten. Azken emaitza 26-3 izan zen etxekoen alde.

Garaipena Kanpanzar Arrasaterentzat erosoa izan arren, lehenengo kolpea Hernanik eman zuen, bosgarren minuturako aurrea hartu baitzuen markagailuan zutoinen artera bidalitako zigor kolpe bati esker. Etxekoen susperraldia, baina, berehala iritsi zen: Ibai Portalok hiru baloi bidali zituen jarraian zutoinen artera eta, 20. minuturako, markagailuak 9-3koa erakusten zuen. Atsedenaldira joan aurretik Oihan Irasuegik entsegua egin eta, Portalok berak transformazioan asmatuta, 16-3koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Zapatuan Mojategin jokatutako Kanpanzar Arrasate eta Hernaniren artekoa.

Bigarren zatian partiduaren gidoia berdintsua izan zen. Zelairatu eta berehala Kanpanzar Arrasatek entsegu berri bat egin zuen, oraingo honetan Jokin Dolararen eskutik. Oraingoan ere Portalok ez zuen hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan eta honenbestez, 23-3koa igo zen markagailura. Hamargarren minutua bete baino lehen jaurtitzaile arrasatearrak errenta 26-3raino handitu zuen eta, hortik aurrera, etxekoak gai izan ziren abantailari eusteko. Gauzak horrela, emaitza horrekin amaitu zen Kapanzar Arrasate eta Hernaniren artekoa.

Honako hau denboraldiko bosgarren garaipena izan da Barrutiaren mutilentzat eta, bederatzi jardunaldi jokatuta, talde zuri-morea bosgarren jarri da 21 punturekin, Getxorekin berdinduta. Arrasatearren aurretik Bera Bera eta Baztan daude 25 eta 24 punturekin, hurrenez hurren. Lidergoan partidu guztiak irabazi dituen Elorriok jarraitzen du eta, bizkaitarren atzetik, Uni Bilbo dago 27 punturekin.

Categorías: Seniorrak