2024/10/20 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Asteburu biribila izan da honako hau Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoentzat, mutilek zein neskek euren partiduak irabazi baitituzte. Batzuek zein besteek larunbatean jokatu zituzten euren norgehiagokak eta, lehenengoen kasuan, 19-24 hartu zuten mendean Durango bere zelaian. Neskek Uni Bilbori egin zioten bisita eta, El Fangoko errugbi zelaian jokatutako neurketan, 27-5 nagusitu ziren.

Mojategiko atletismo pistan egiten diren ari diren lanak direla-eta, klub zuri-morea adostasun batera heldu da zenbait aurkariekin Mojategin jokatu beharreko partiduak lehen itzuli honetan etxetik kanpo jokatzeko, bigarren itzulian kontrakoa eginez. Eta kasua honako hau izan da asteburu honetan senior mailako mutiletan. Julen Barrutiaren mutilek Durangori egin zioen bisita eta, parekotasun handiko neurketan, azkenean garaipena Arrasatera ekarri zuten.

Gauzak etziren ondo hasi Arripausuetan Barrutiaren mutilentzat, 10. minutua bete baino lehen 5-0 baitzen aurretik Durango. Zorionez, bisitariek berehala irauli zuten markagailua, Dolararen entsegua eta Portaloren transformazioarekin. Hori gutxi balitz, atsedenaldira joan aurretik beste bi entsegu egin zituen Kanpanzar Arrasatek, Enaitz Solabarrieta eta Oihan Irasuegirenak, Portaloren beste horrenbesteko transformazioekin. Gauzak horrela, 5-21eko abantailarekin joan zen talde zuri-morea aldageletara arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Atsedenalditik bueltan, baina, partidua goitik behera aldatu zen. Bigarren zatia hasi eta berehala Durangok bisitarien aldea murriztu egin zuen entsegu eta transformazio batekin (12-21) eta, norgehiagoka amaitzeko bost minuturen faltan eta modu berdinean, markagailua oraindik gehiago estutu egin zuten bizkaitarrek (19-21).

Urduritasun handiko uneak bizi izan zituen Kanpanzar Arrasatek partiduko azken txanpan baina, zorionez, arauzko denbora amaitzear zela epaileak bisitarien aldeko zigor kolpea adierazi eta Portalok etekin ezin hobea atera zion, amaierako 19-24koa markagailuan ezarriz. Garaipen honekin jada zortzi puntu ditu patrikan talde zuri-moreak, eta bosgarrena da sailkapenean. Datorren asteburuan Getxori egingo dio bisita Kanpanzar Arrasatek.

Nesken lehen garaipena

Mutilena baino erosoagoa izan zen nesken taldeak Bilbon lortutako garaipena. AGT Arrasate/Eibarri berehala jarri zitzaion partidua alde El Fangon, 10. minutua bete baino lehen Lucia Alonsok lortutako entseguari esker. Ordu erdia bete baino lehen, ordea, etxekoek norgehiagoka berdindu zuten. Zorionez, konbinatu gipuzkoarrak atsedenaldira joan aurretik beste bi entsegu egin zituen, biak Lierni Anduagarenak, eta 5-17ko abantailarekin joan zen atsedenaldia.

Bigarren zatia hasi bezain pronto beste bi entsegu lortu zituzten bisitariek, Iraide Toyos eta Iana Garmendiaren biartez, markagailuan 5-27koa ezarriz. Konbinatu gipuzkoarrak bikain eutsi zion ordura arte lortutako abantailari, eta hori nahikoa izan zen El Fangotik denboraldiko lehenengo garaipena etxera ekartzeko.

Datorren asteburuan atsedenaldi jardunaldia izango du konbinatu gipuzkoarrak eta, hurrengo partidua, azaroaren 9ko asteburuan jokatuko dute. Laugarren jardunaldiaren baitan, AGT Arrasate/Eibarrek Elorrio hartuko du etxean.