2024/4/18 | ISEI BARBERO | Argazkiak:  artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko neskek hitzordu berri bat izango dute asteburu honetan, oraingoan, etxetik kanpo.  Erik Cuevas eta Asier Delgadok zuzentzen duten taldea Iparraldera joango da zapatuan eta, 18:00etatik aurrera, Sarako Izarrak taldeari egingo dio aurre.  Norgehiagoka hau 2. faseko 4. Jardunaldiaren baitan kokatzen da, non AGT Arrasate/Eibar B multzoan lehiatzen ari da.

Iragan asteburuan Mojategin Errioxa mendean hartu eta gero, konbinatu gipuzkoarra bolada onari eusten ahaleginduko da asteburu honetan .  Iragan asteburukoa fase honetako aurreneko garaipena izan zenCuevas eta Delgadoren neskentzat, aurreko bi jardunaldian punturik urratu barik geratu eta gero.  Gaztediren kontrako lehian amore eman zuten eta, estreinaldiko jardunaldian, Iruñearen kontra jokatu beharreko partidua atzeratuta geratu zen.

Iazko denboraldian Hernanin jokatutako partidua.

Gauzak horrela, Sarara egin beharreko bisita eta gero, eta nafarren kontra jokatu beharreko norgehiagokarako data adostu bitartean, AGT Arrasate/Eibarrek beste bi hitzordu izango ditu denboraldia amaitu bitartean:  Maiatza hasieran Txingudiri egingo diote bisita eta, astebete beranduago, azkenaurreko jardunaldiaren baitan, Getxo izango dute bisitari.  Izan ere, amaierako jardunaldian atsedenaldia egokitu zaio konbinatu gipuzkoarrari.

Kartelera

Nesken partiduarekin batera, beste hiru hitzordu izango ditu zapatuan Arrasate Errugbi Taldeak.  14 urtez azpikoak Gasteizera joango dira eta, goizeko 11:00etatik aurrera, Gaztedi B-ren kontra neurtuko dituzte indarrak Lakuako errugbi zelaian.  16 urtez azpikoek Mungian jokatuko dute 13:00etan Uribealdearen kontra eta, azkenik, 18 urtez azpikoek Gernika izango dute bisitari Elorrioko San Txisme errugbi zelaian (12:00).

Igandean inklusiboko taldea eta Errugbi Eskolako neska-mutikoen txanda izango da, ohi bezala, goizeko 10:30eatik aurrera asteroko entrenamendu saioa burutuko baitute Mojategin.