2024/3/18 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  Belen Aranbarri

Ez da asteburu ona izan Arrasate Errugbi Taldeko senior malako ekipoentzat, bai mutilek eta baita neskek ere euren partiduak galdu baitituzte.  Biek ala biek igandean eduki zuten hitzordua, eta Gaztedi eta Uni Bilbori egindako bisitetan 46-19 eta 49-20 galdu zuten, hurrenez hurren.

Goiztiarrenak AGT Arrasate/Eibarreko neskak izan ziren, 11:30eatik aurrera Gaztediren kontra neurtu baitzituzten indarrak Lakuan.  Norgehiagoka berehala jarri zitzaion maldan gora konbinatu gipuzkoarrari, 10. minutua igarota 19-0 baitziren aurretik etxekoak.  Ordu laurdena beteta Arrate Delgadok bisitarien aurreneko entsegua lortu zuen, eta Lierni Anduagak ez zuen hutsik egin transformazioan (19-7).  Lehenengo zatian beste bi entsegu ikusi ziren, bat Haizea Zabala arrasatearrarena, eta 26-12ko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Bigarren zatia hasi eta berehala arabarrek euren errenta  handitu zuten (31-12), eta ordu laurden beranduago Irene Dolara kapitainaren entsegua eta Lierni Anduagaren ondorengo transformazioak AGT Arrasate/Eibar berriro ere partiduan sarrarazi zuten.  Zoritxarrez, Gaztedik beste hiru entsegu egin zituen, amaierako 46-19koa markagailuan ezarriz.

Mutilak Bilbon

Ordu erdi beranduago Kanpanzar Arrasateren txanda iritsi zen, Bilboko El Fango errugbi zelaian.  Hasierako minutuetan indarrak parekatuta egon ziren oso, eta ordu laurdenera arte ez zen markagailua mugitu, Ibai Portaloren entsegua eta berak gauzatutako transformazioarekin (0-7).  Arrasatearren pozak, baina, etzuen luzaroan iraun, lehen zatiko ordu erdia bete baino lehen bi entsegu eta beste horrenbeste transformazioarekin Uni Bilbok markagailua irauli egin baitzuen (14-7).  Zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez Portalok bilbotarren errenta murriztu zuen (14-10) baina, lehen zatia amaitzear zela, etxekoek entsegu berri bat egin eta 21-10eko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia hasi eta berehala Portalok etekin ezin hobea atera zion zigor kolpe berri bati (21-13) eta, bost minutu beranduago, Abarrategiren entsegua eta Portalo beraren transformazioak itxaropenerako bidea zabaldu zuten (21-20).  Tamalez, partidua luze egin zitzaion Kanpanzar Arrasateri, eta azken ordu laurdenean etxekoek beste hiru entsegu lortu zituzten, amaierako 42-10ekoa markagailuan ezarriz.

Pirolitikak Bartzelonan

Asteburuko beste hitzordu azpimarragarria amen taldearena izan da, Pirolitikak Bartzelonan izan baitira III. Maters Series txapelketan parte hartzen.  Talde zuri-morearekin batera beste zortzi parte hartzaile izan ziren zapatuan Camp de Rugbi La Teixoneran:  Khaleesis, Ilegales, WonderVrac, LaCartijas, Leonas, Tigresas, Vetemares, Macaumis, Kamalehoiak.

Pirolitikak, zapatuan, Bartzelonan.

2022ko martxoan eman zituen aurreneko pausoak ART-ko amen taldeak, klubeko zenbait jokalarien amak elkartu eta taldea osatzea bururatu zitzaien momentuan.  Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu zituzten, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta.  Zentzu honetan, gasteiztarrekin zenbait lansaio burutu zituzten eta, Gasteizen, hain justu ere, debuta egin zuten uztailean “Maters Series” izeneko txapelketan. Gasteiztarrekin, eta ART-ko beteranoekin batera, Hondarribiko Rugby Beach delako txapelketan ere parte hartu zuten, finalerdietarako txartela eskuratuz. Sitgesen ere izan dira, “Maters Series” delakoaren edizio berri batean, hala nola, iazko otsailean, Sevillan. Azaroan Xixonen eta urtarrilean ere Sevillan izan ziren.