2024/3/10 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak 32-17 nagusitu dira, zapatuan, Eibarren kontra, Mojategin jokatutako partiduan. Euskal Ligako 1. Mailako sailkapen faseko azken hirugarren jardunaldiaren baitan jokatutako norgehiagoka izan zen honako hau non, Julen Barrutiaren mutilek, sailkapeneko azken hirugarren sailkatua izan zuten bisitari Mojategin.
Azken hiru partiduak irabaztetik zetorren Eibar, bolada ezin hobean, eta norgehiagoka berehala jarri zitzaion maldan gora etxeko taldeari, 10. minutua bete baino lehen armaginek entsegua egin eta 0-5 aurreratu baitziren. Etxekoen erreakzioa lehen zatiko ekuatorea gainditzean heldu zen, Ander Gonzalezen entseguaren bitartez.
5-5ekoarekin Barrutiaren mutilak etziren konformatu eta, ordu erdia ate-joka zela eta berriro ere lehen lerroko jokalari baten protagonismoarekin, kasu honetan Unai Suinaga, Kanpanzar Arrasatek aurrea hartu zuen markagailuan (12-5), Portaloren transformazioa barne. Zoritxarrez, lehenengo zatiko azkeneko hitza bisitariek zuten, arauzko denbora amaitzeko zazpi minuturen faltan entsegu berri bat egin eta 12-10eko emaitzarekin hartu baitzuten aldageletarako bidea bi taldeek.
Bigarren zatia hasi eta berehala, bigarren minuturako, Kanpanzar Arrasatek errenta handitu egin zuen, Portaloren entsegua eta Abarrategiren transformazioarekin (19-10). Portalok berak 25-10era handitu egin zuen etxekoen errenta zutoinen artera bidalitako zigor kolpe parearekin baina, partidua amaitzeko zortzi minutu falta zirela, Eibarrek entsegua egin eta berriro ere urduritasuna piztu egin zuen Mojategiko harmailetan (25-17). Zorionez, azken txapan Asier Delgadoren entseguak eta Portaloren ondorengo transformazioak mamu guztiak uxatu zituzten (32-17).
Garaipen honekin Kanpanzar Arrasate sailkapenaren erdialdean kokatu da, seigarren postuan, 40 punturekin. Arrasatearren aurretik Getxo eta Uni Bilbo daude 42 eta 47 punturekin, hurrenez hurren; atzetik, berriz, Durango dator 38rekin. Ligako azken bi partiduetan, hain justu ere, bilbotarrak eta durangarrak izango dira Kanpanzar Arrasateko aurkariak.
