2024/2/25 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilak esku hutsik etorri dira Logroñotik, zapatu arratsaldean, Pradoviejo errugbi zelaian, 56-13 galdu eta gero egungo bigarren sailkatu Errioxaren kontra. Sarrailagileek aurretik hasi ziren markagailuan zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker baina, hortik aurrera, etxekoek egungo bigarren sailkatuak zergatik diren erakutsi zuten.
Bigarren minutua bete orduko 0-3 aurretik zen Kanpanzar Arrasate, Ibai Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker. Bisitarien pozak, baina, 10. minutura arte etzuen iraun, orduantxe, modu berean, Errioxak partidua berdindu baitzuen. Bost minutu beranduago arratsaldeko lehenengo entsegua ikusi zen Pradoviejon, kasu honetan etxekoek egina (8-3).

Lehen zatiko ordu erdira heldu baino lehen Portalok baloi berri bat bidali zuen zutoinen artera, markagailua berriro estutuz (8-6). Atsedenaldira joan aurretik, baina, Errioxak bigarren entsegua lortu eta 13-6ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Kanpanzar Arrasate bizirik zegoen, eta markagailua iraultzeko asmoarekin zelairatu zen bigarren zatian. Bisitarien asmoak, baina, berehala zapuztu zituen Errioxak, lehen bigarren zatiko aurreneko minutua bete orduko entsegua egin eta, oraingo honetan transformazioa gauzatuta, 20-6koa igo zen markagailua.
Barrutiaren erantzuna, ordea, berehala iritsi zen, bosgarren minutua betetzear zela Xabier Narbaizaren entsegua eta Portaloren transformazioarekin. 20-13koarekin oraindik zerbait positibo urratzeko itxaropena egon bazegoen, baina etxekoek etzuten horretarako aukerarik eman, bi minutu beranduago entsegu berri bat lortu baitzuten.
Hortik aurrera Kanpanzar Arrasateren gainbehera etorri zen; Errioxa jaun eta jabe izan zen partidua amaitu bitartean eta, orotara, beste bost entsegu lortu zituen, amaierako 56-13koa markagailuan ezarri arte. Porrot honen ostean, eta ligaska amaitu bitartean, beste hiru partidu ditu aurretik Kanpanzar Arrasatek: hurrengo jardunaldian Eibarrek bisitatuko du Mojategin, ondoren, sarrailagileak Bilbora joango dira eta, azken jardunaldian, Durango etorriko da bisitan.