2024/2/20 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Iragan asteburuan Donostian berdinketa urratu eta gero, 17-17 amaitu zen Atletiko San Sebastianen kontra Anoetako mini-estadioan jokatutako partidua, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek garaipenaren bidera itzultzea bilatuko dute Logroñon. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak egungo bigarren sailkatu Errioxari egingo dio bisita zapatuan, partidua Pradoviejo errugbi zelaian jokatuko da, 16:00etan hasita.
Liga txapelketa azken txanpan sartu den honetan, lau jardunaldi baino ez dira geratzen sailkapen fasea amaitzeko, Kapanzar Arrasate seigarrena da sailkapenean 35 punturekin. Barrutiaren mutilek jokatutako 14 partiduetatik 7 irabazi eta beste bat berdindu dute, sailkapen burua eta beheko aldea distantzia berdintsura dutela.

Zapatuan aurrean edukiko duten taldea oso bestelako egoeran dago, Errioxa bigarrena baita 48 punturekin, orain arte lau partidu baino ez dituela galdu. Errioxarrek 16 puntura dute Elorrio liderra eta, atzetik, Baztan dute ate-joka bi puntu gutxiagorekin. Laugarren sailkatu Uni Bilbok 42 puntu ditu eta, bat gutxiagorekin, Getxo dago.
Gauzak horrela, erronka zaila zapatu honetan Kanpanzar Arrasatek edukiko duena; zaila bai, baina ez ezinezkoa, joaneko partiduan, Mojategin jokatutako, talde zuri-morea izan baitzen nagusi. Asteburu honetakoaz gain, Barrutiaren mutilek beste hiru partidu dituzte aurretik sailkapen fasea amaitu bitartean: Eibar eta Durango hartuko dituzte etxean eta, azkenaurreko jardunaldian, Uni Bilbori egingo diote bisita.
Kartelera
Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko ekipo gehienek atsedenaldi jardunaldia izango dute, horregatik, zapatuan beste hitzordu bat baino ez da izango. 14 urtez azpikoek teknifikazio saioa burutuko dute, mutilek Ordizian eta Soraluzen neskek. Igandean, berriz, errugbi eskolako neska-mutikoek La Unica, Lasarte eta Iruñearekin batera izango den topaketan hartuko dute parte.