2023/11/26 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramon Barrutia
Arrasate Errugbi Taldeko neskak garaipenaren bidera itzuli dira asteburu honetan, Mutrikuko San Migel errugbi zelaian jokatutako partiduan nagusitu eta gero. Erik Cuevas eta Asier Delgadok zuzendutako taldeak Gaztedi 12 taldearen kontra neurtu zituen indarrak zapatu eguerdian eta, aurreikuspenak betez, aise nagusitu ziren. Azken emaitza 47-15 izan zen AGT Arrasate Eibarren alde eta, modu honetan, sailkapen burura begira jarraitzen du konbinatu gipuzkoarrak.
Norgehiagoka berehala jarri zitzaion alde etxeko taldeari, ordu laurdena bete orduko markagailuak 14-0 erakusten baitzuen Haizea Zabala eta Kattalin Otxoaren entseguak eta Inaña Endeiza eta Nut Moraren transformazioei esker. Ordu erdia betetzea zela Gaztedi 12k entsegua egin eta etxekoen errenta murriztu zuen (14-5); atsedenaldira joan aurretik, baina, Irene Dolarak AGT Arrasateren hirugarren entsegua lortu eta 19-5eko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia hasi eta berehala arabarrek entsegu berri bat lortu (19-10) eta nolabaiteko ezjakintasuna jarri zuten giroan; handik bost minutu eskasetara, ordea, Haizea Zabalak AGT Arrasate/Eibarren laugarren entsegua lortu, oraingo honetan Moraren transformazioarekin, eta 26-10ekoa ezarri zuten markagailuan. Hori gutxi balitz, bigarren zatiko 20. minutua bete baino lehen Amalur Arizabaletak tanto berri bat lortu zuen etxekoentzat eta, berriro ere Moraren eraginkortasunarekin, 33-10ekoa igo zen markagailua.
Abantaila horrek erabateko lasaitasuna eman zion etxeko taldeari, eta gasteiztarrak horretaz baliatu ziren entsegu berri bat lortu eta 33-15ekoa ezartzeko. Cuevas eta Delgadoren neskek, baina, etzuten gupidarik izan, eta hurrengo bost minutuetan beste bi entsegu lortuz, oraingo honetan Endeiza eta Morarenak, azken honen transformazio parearekin, amaierako 37-15ekoa ezarri zuten markagailuan.
Laugarrenak sailkapenean
Gauzak horrela, zazpi partidu jokatuta laugarren sailkatua da AGT Arrasate/Eibar, lau garaipen eskuratuta patrikan 21 puntu dituela, hirugarren sailkatu Uni Bilborekin berdinduta. Lidergoan Gaztedik jarraitzen du 31 punturekin eta, bigarren sailkatu Durangok, bat gutxiago du.
Hurrengo asteburuan atsedenaldia izango du AGT Arrasate/Eibarrek, eta handik astebetera ez da liga jardunaldirik izango Emakumezkoan Euskal Ligan. Gauzak horrela, abenduaren 17ko asteburuan jokatuko du hurrengo partidua konbinatu gipuzkoarrak, aurkari zuzenaren kontra, gainera, Uni Bilbok egingo baitio bisita.
0 comentarios