2023/5/3 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Urtero legez, asteburu honetan Kontxako Hondartza Torneoa izango da Donostian eta, beste behin, Arrasate Errugbi Taldeak ez du hutsik egingo.  Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpiko neska-mutikoez gain, 14 zein 23 urtez azpiko neskak ere izango dira Gipuzkoako hiriburuan igandean, hala nola klub zuri-moreko talde inklusiboa.

Esan bezala, hitzordua domekan izango da, goizeko 10:00etan hasita eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, 600 jokalaritik gora bat egingo dute Kontxako hondartzan, 44 taldetan banatuta.  14 eta 13 ekipo izango dira 10 eta 12 urtez azpikoetan, hurrenez hurren.  14 urtez azpikoetan 11 taldek eman dute izena; errugbi inklusiboan eta emakumezkoen kategorian, aldiz, bi eta lau, hurrenez hurren.

Esan bezala, txapelketa goizeko 10:00etan jarriko da martxan baina, lehenago, 9:00etan, parte hartzaileei harrera egingo diete.  Partiduak zazpinako erara jokatuko dira eta, aurreikuspenen arabera, eguerdi parterako, 12:30ak aldera, txapelketa amaierara helduko da.  Horren ostean, eta errugbiaren ohiturei eutsiz, azken partiduaren ostean parte hartzaile guztiek hirugarren denboraz gozatzeko parada izango dute, baita antolakuntzak emango dien opariak jaso ere.

2018ko edizioan hartutako irudia.

0 comentarios

Deja una respuesta