2023/3/27 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramon Barrutia
Asteburu honetan Emakumezkoen Ohorezko Mailako liga txapelketako azken jardunaldia jokatu da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko neskek Uni Bilbori egin zioten bisita zapatuan. El Fango errugbi zelaian jokatutako norgehiagokan AGT Arrasate/Eibarrek ezin izan zuen denboraldia garaipen batekin agurtu, etxekoak nagusitu baitziren 39-10eko emaitzarekin.
Lehenengo zatian jaun eta jabe izan ziren bilbotarrak, eta hamargarren minuturako jada 5-0 aurretik ziren aurretik markagailuan. Aurreneko 40 minutuetan beste bi entsegu lortu zituzten etxekoek eta, honenbestez, atsedenaldira 15-0eko emaitzarekin joan ziren bi taldeak.
Bigarren zatia hasi eta berehala Uni Bilbok entsegu berri bat lortu zuen eta, lehenengo zatian ez bezala, oraingo honetan asmatu egin zuten transformazioa gauzatzerako orduan (22-0). Ordu laurdenerako 27-0ekoa igo zen markagailura eta, une horretan, AGT Arrasate/Eibarren erreakzioa etorri zen, Oihane kapitainak lortutako entseguaren bitartez (27-5).
Bisitarien tantoaren ostean, baina, bilbotarrek beste bi entsegu lortu zituzten jarraian, bigarrenean transformazioa gauzatuz. 39-5ekoarekin eta norgehiagoka amaitzeko 10 minuturen faltan jada AGT Arrasate/Eibarrek etzuen inongo itxaropenik ezer positiborik urratzeko; konbinatu gipuzkoarrak, baina, etzituen besoak jaitsi eta, norgehiagokaren azken unean, Haizea Zabalak bisitarien bigarren entsegua lortu eta azken emaitza nolabait txukundu zuen (39-10).
Gauzak horrela, porrota AGT Arrasate/Eibarrek aurtengo denboraldian jokatutako azken partiduan. Konbinatu gipuzkoarrak azkenaurreko postuan amaitu du ikasturtea 9 punturekin, jokatutako 12 partiduetan bi garaipen eskuratuta. Ligaskako txapelduna Bera Bera izan da 50 puntu poltsikoratuta eta, puntu bakarrera, La Unicak amaitu du bigarren postuan.



0 comentarios