2023/2/12 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Hernani R.C.

Denboraldi osoa garaipenaren zaporea dastatu barik egon eta gero, azken bi partiduak jarraian irabazi dituzte Arrasate Errugbi Taldeko neskek.  Iragan asteburuan Mojategin Gaztedi mendean hartu bazuten, oraingo honetan Hernani izan da AGT Arrasate/Eibarrek garaitu duen taldea, Landaren jokatutako norgehiagokan.  Azken emaitza 0-19 izan da konbinatu gipuzkoarraren alde eta, modu honetan, atzean utzi dute azken postua.

Aurreikuspenak betez, lehenengo zatian indarrak parekatuta egon dira, eta azken txanpan AGT Arrasate/Eibarreko Idoiak lortutako entseguak baino ez du mugitu markagailua.  Ondoren, Oihane kapitainak ez du hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan eta, honenbestez, 0-7koarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortua.

Bigarren zatia hasi eta berehala bisitariek errenta handitu dute, Leire Urkiaren entsegua eta, berriro ere, Oihanek gauzatutako transformazioarekin.  0-14koarekin AGT Arrasate/Eibar ez da konformatu eta, bost minutu beranduago, eguerdiko hirugarren entsegua lortu du.  Oraingo honetan egilea Alejandra Cid izan da eta, zoritxarrez, konbinatu gipuzkoarrak ez du asmatu baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.

0-19 nagusitu da AGT Arrasate/Eibar Landaren

Hortik aurrera, 0-19koarekin, indarrak parekatu egin dira berriro ere, eta markagailua ez da gehiago mugitu.  Modu honetan, AGT Arrasate/Eibarrek denboraldiko bigarren garaipena ziurtatu du, ikasturtea amaitzeko bi partiduren faltan aurrerapauso berri bat emanez.  Bera Bera eta Uni Bilbo izango dira konbinatu gipuzkoarraren azken aurkariak aurtengo denboraldian, biak etxetik kanpo. 

Une honetan, hiru jardunaldiren faltan –horietako batean atsedenaldia izango dute-, AGT Arrasate/Eibar azkenaurreko sailkatua da zazpi punturekin, azken sailkatu Hernanirekiko bi puntuko abantailarekin.  Aurretik Gaztedi dago 21 punturekin eta, arabarren aurretik, Uni Bilbo eta Durango daude 25 eta 22 punturekin, hurrenez hurren.  Kategoriako liderra La Unica da 35 punturekin eta, puntu bakar bat gutxiagorekin, Bera Bera dago bigarren postuan.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta