2023/2/8 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Iragan asteburuan Gaztediren kontra Mojategin jokatutako norgehiagokan denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu eta gero, garaipenaren zaporeaz gozatzen jarraitu nahi dute AGT Arrasate/Eibarreko neskek.  Asier Delgadok eta Eric Cuevasek zuzendutako taldea Donostia aldera joango da domekan eta, goizeko 10:30eatik aurrera, Hernaniren kontra neurtuko ditu indarrak Landaren.

Denboraldi guztia sailkapen zuloan sartuta eman eta gero, iragan asteburuan Gaztediren kontra lortutako garaipenak hauspoa eman dio konbinatu gipuzkoarrari.  Azken postu hori saihesteko borrokan aurkari zuzena den taldeari egingo diote bisita domekan eta, Landaren garaipena eskuratuz gero, aurreratuko lukete sailkapenean.  Bi partidu irabazita zazpi puntu ditu Hernanik; AGT Arrasate/Eibarrek, berriz, bost.

Asteburu honetakoa, 11. jardunaldiaren baitan jokatuko dena, denboraldiko azken hirugarren partidua izango da Cuevas eta Delgadoren neskentzat.  Azken bi partiduak etxetik kanpo jokatuko ditu baita ere AGT Arrasate/Eibarrek:  Bi asteko etenaldiaren ostean, martxoa hasieran, Bera Berari egingo diote bisita; hiru aste beranduago, berriz, Uni Bilbori.

Iragan denboraldian Hernani jokatutako partiduko irudia.

Kartelera

Zapatuan, seniorrena baino lehenago, beste bi hitzordu izango dira. Goizeko 12:00etan, Mojategin, 16 urtez azpikoek Iruñeari egingo diote aurre. 16:00etan, aldiz, 18 urtez azpikoak Zarautzeko Asti errugbi zelaian lehiatuko dira. Azkenik, domekan, Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpiko neska-mutilek Ordizian izango den topaketan hartuko dute parte. 10:30eatik aurrera, Altamiran, Ordizia, Zarautz eta Txingudirekin batera arituko dira.


0 comentarios

Deja una respuesta