2023/2/3 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Liga txapelketa amaitzeko oraindik bost jardunaldi geratzen badira ere, Arrasate Errugbi Taldeko neskek aurtengo denboraldiko etxeko azken partidua jokatuko dute asteburu honetan.  Asier Delgadok eta Eric Cuevasek zuzentzen duen taldeak Gaztedi hartuko du Mojategin igandean, 12:30eatik aurrera, eta bertan ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko dute.

Gogorra izaten ari da oso denboraldia AGT Arrasate/Eibarrentzat, orain arte jokatutako zortzi partiduetan oraindik ez baitu garaipenik poltsikoratu.  Gogoratu beharra dago konbinatu gipuzkoarreko jokalari asko hasiberriak direla errugbiaren munduan, hortaz, aurrerapausoak emateak emaitzek baino garrantzi handiagoa dutela gogoratu beharra dago.  Eta, zentzu horretan, pozik egoteko arrazoiak izan badauzkate Arrasate eta Eibarreko neskek, zenbait partiduetan maila ezin hobea eman baitute, kategoriako lider La Unicaren kontra jokatutakoan, esaterako. 

La Unicaren kontra Mojategin jokatutako partiduko irudia.

AGT Arrasate/Eibarrek asteburu honetan edukiko duen aurkaria sailkapenaren erdialdean dago, bosgarren postuan, hain justu ere.  Jokatutako zortzi partiduetatik hiru irabazi ditu Gaztedik, orotara 16 puntu poltsikoratuz.  Denboraldia amaitu bitartean konbinatu gipuzkoarrak beste hiru partidu jokatuko ditu, guztiak etxetik kanpo:  Hernani, Bera Bera eta Uni Bilbo.

Honenbestez, eta esan bezala, igandekoa zaleen aurrean jokatuko duen azken partidua izango da AGT Arrasate/Eibarrentzat, horregatik, Arrasate Errugbi Taldetik dei berezia luzatzen diete zaleei:  “Mojategiko harmailak beteta ikusi nahi ditugu, animatu eta etorri gurekin errugbiaz gozatzera”.

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ez dute partidurik jokatuko asteburu honetan, bai, ordea, 14 urtez azpikoek.  Zapatuan, 12:00etatik aurrera, Gasteizeko Gamarra errugbi zelaian Gaztediren kontra neurtuko dituzte indarrak.  Igande goizean, berriz, Errugbi Eskolako neska-mutikoek eta inklusiboko taldeak entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, ohi bezala, 10:30ean hasita.


0 comentarios

Deja una respuesta