2023/1/22 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramon Barrutia

AGT Arrasate/Eibar taldeko neskek ezin izan dute iragan asteburuko sentsazio onei jarraipena eman eta, Arripausuetan Durangoren kontra 52-15 galdu eta gero, esku hutsik bueltatu dira etxera.  Modu honetan konbinatu gipuzkoarrak partidurik irabazi gabe jarraitzen aurtengo denboraldian, eta bi aste barru aukera berri bat izango du garaipenen kutxatxoa estreinatzeko, Gaztediren kontra Mojategin jokatuko duen norgehiagokan.

Aise nagusitu zen Durango zapatu arratsaldean Arripausuetan jokatutako norgehiagokan, eta berehala bideratu zuten lehia, 10. minuturako bi entsegu eginak baitzituzten eta 12-0 baitziren aurretik.  Delgado eta Cuevasen neskek, baina, bizkaitarrei eutsi zieten lehenengo zatian, eta markagailua gehiago ez mugitzea lortu zuten arauzko aurreneko 40 minutuetan.

Bigarren zatia hasi eta berehala, baina, AGT Arrasate/Eibarren gainbehera etorri zen.  Aurreneko bost minutuetan beste bi entsegu egin zituzten etxekoek, 26-0ekoa markagailura igoz.  Bigarren zatiko ordu laurdenerako Durangoren abantaila jada 38-0ekoa zen, eta orduantxe etorri zen bisitarien erreakzioa.  Hiru entsegu egin zituzten jarraian 10 minutuko epean, Eider Luengo, Lorea Segovia eta Marta Romero kapitainaren bitartez. 

38-15ekoarekin baikorrak izateko arrazoiak izan bazituzten gipuzkoarrek baina, zoritxarrez, bi minutu beranduago Durangok entsegu berri bat egin eta AGT Arrasate/Eibarren itxaropen guztiak zapuztu zituen.  Partiduko azken minutuan etxekoek arratsaldea biribildu egin zuten entsegu berri baten bitartez, amaierako 52-15ekoa markagailuan ezarriz.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *