2023/1/15 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramon Barrutia

Aurreikuspenak bete egin dira gaurkoan Mojategin, baina Arrasate Errugbi Taldeko neskek hasiera batean uste zena baino zailtasun gehiago jarri dizkioten kategoriako liderra La Unicari.  Etxekoen aldetik “oso ona” izan den neurketan nafarrek izerdi dezente bota behar izan dute puntuak Iruñeara eramateko, eta azkenean 7-15 nagusitu dira.

Hasi eta berehala hartu dute aurrea markagailuan bisitariek, seigarren minutuan lortutako entseguari esker.  0-5ekoarekin Delgado eta Cuevasen neskak ez dira kikildu, eta markagailua iraultzea lortu dute ordu laurdena betetzean, Leire Urkiaren entsegua eta Oihanek gauzatutako transformazioaren bitartez.  Pronostiko guztiak hautsiz, bita taldeak 7-5koarekin joan dira aldageletara lehenengo zatia amaituta.

Bigarren zatia hasi eta gutxira, 10. minutua bete baino lehen, La Unicak bigarren entsegua egin eta berriro ere hartu du aurrea (7-10).  Horrekin konformatu ez, eta hiru minutu beranduago abantaila handitu dute entsegu berri baten bitartez.  AGT Arrasate/Eibarreko neskak ahalegindu dira baina, gaurkoan, oso talde indartsua zuten aurrean, eta norgehiagoka 7-15ekoarekin amaitu da.

Porrot berri bat AGT Arrasate/Eibarrentzat baina, gaurkoan Mojategiko berdegunean ikusitakoaren arabera, baikorrak izateko arrazoi ugari eman ditu konbinatu gipuzkoarrak.  Hurrengo asteburuan hitzordu berri bat izango dute Delgado eta Cuevasen neskek, Durangori egingo dioten bisitan denboraldiko aurreneko garaipena bilatuko dute.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta