2022/11/07 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Zapatu eguerdian Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Eibarrekoekin batera, denboraldiko laugarren partidua jokatu zuten.  Oraingo honetan konbinatu gipuzkoarrak Unben jokatu zuen, eta Hernani izan zuen bisitari.  AGT Arrasate/Eibarren aurkaria sailkapen zuloan sartuta zegoen, partidurik irabazi gabe eta Federazioaren aldetik -4 puntuko zigorra jasota.  Testuinguru horretan, konbinatu gipuzkoarrean baikorrak ziren Hernaniren kontrako neurketan zerbait positibo urratzeko; zoritxarrez, Hernanik ezustekoa eman zuen eta garaipen erosoa (0-42) eskuratuta bueltatu zen etxera.

Neurketa berehala jarri zitzaion maldan gora AGT Arrasate/Eibarri, 12. minuturako 0-14 baitziren aurretik bisitariak.  Lehenengo zatia amaitu baino lehen Hernani beste entsegu bat egiteko gai izan zen eta, aurreko bietan bezala, ez zuten hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan.  Honenbestez, atsedenaldira 0-21eko emaitzarekin joan ziren bi taldeak.

Bigarren zatia hasi eta berehala hernaniarrek laugarren entsegua lortu zuten, kasu honetan ere baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan asmatuz (0-28).  Ordu laurdena bete orduko entsegu berri bat lortu zuen Hernanik (0-35) eta, bigarren zatiko 20. minutua igarota, markagailuak jada 0-42 erakusten zuen. 

Porrot honekin AGT Arrasate/Eibarreko neskak sailkapeneko azken postuan kokatu dira, oraindik partidurik irabazi gabe jarraitzen dutela.  Datorren asteburuan bosgarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, konbinatu gipuzkoarrak Bera Berari egingo dio bisita.  Donostiarrak une honetan laugarrenak dira sailkapenean.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta