2022/11/2 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Iragan astean Gasteizetik esku hutsik etorri eta gero, Arrasate Errugbi Taldeko neskek aukera berri bat dute asteburu honetan 2022-2023 denboraldiko aurreneko garaipena eskuratzeko.  Erik Cuevas eta Asier Delgadok zuzentzen duten taldeak etxean jokatuko du, oraingo honetan Unben (Eibar), eta azken sailkatu Hernani izango du bisitari.  Norgehiagoka zapatu eguerdian jokatuko da, 13:30ean hasita eta, esan bezala, bertan AGT Arrasate/Eibarrek ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko du.

Puntuen kutxatxoa estreinatzeko aurkari aproposa dirudi Donostia aldekoa, momentuz, Hernani ligako ekiporik ahulena dela geratu baita agerian.  Hernaniarrek oraindik ez dute punturik batu eta, hori gutxi balitz, zigorra ere jaso dute Federazioaren aldetik, estreinaldiko jardunaldian Gaztediren kontra jokatu behar zuten partidura ez aurkezteagatik.  Honetaz gain, pasa den asteburuan Bera Beraren kontra etxean jokatu behar zuten neurketa ere atzeratzea adostu zuten, beraz, badirudi jokalari falta dela Hernaniren arazo nagusia aurtengo denboraldian.

Testuinguru honetan, aukera paregabea dute aurreneko puntuak batzeko Delgado eta Cuevasen neskek.  Gogoratu beharra dago, Eibarrekin partekatutako taldea izanik, AGT Arrasate/Eibar aurreneko pausoak ematen ari dela.  Halere, talde-lanean azken jardunaldietan emandako aurrerapausoak nabariak izan dira.  Ea oraingo honetan konbinatu gipuzkoarraren lanak merezitako saria jasotzen duen.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta