2022/10/30 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Eibarrekoekin batera, Gaztediri egin zioten bisita zapatu arratsaldean, eta oraingoan ere ezin izan zuten garaipena eskuratu. Delgado eta Cuevasen neskek eskarmentu handiagoa zuen taldearekin egin zuten topo Gamarran, halere, ez ziren kikildu eta aurpegia emateko gai izan ziren. Zoritxarrez, esku hutsik bueltatu behar izan ziren etxera, 30-10 galdu baitzuten.
Partidua hasi eta berehala hartu zuen aurrea Gaztedik, 12. minutuan lortutako entseguaren bitartez. Batekin konformatu ez eta, atsedenaldira joan aurretik, etxekoek beste hiru tanto lortu zituzten, arauzko aurreneko 40 minutuak agortu orduko 20-0eko errenta zutela.
Bigarren zatian gogotsu zelairatu zen AGT Arrasate/Eibar, markagailuari buelta emateko asmoarekin. Eta helburua lortu ez bazuten ere, hori errealitate bihurtzeko urratsak eman zituzten gipuzkoarrek. Ordu laurdena betetzean Haizea Zabalak zuri-moreen aurreneko entsegua lortu zuen eta, handik minutu bakarrera, gauza bera egin zuen Nuria Ferrerasek.
20-10ekoarekin bazirudien miraria posible zela, eta bisitariak ahalegindu baziren ere, Gaztedi izan zen errenta handitu egin zuena. Partidua amaitzeko zortzi minuturen faltan gasteiztarrek arratsaldeko bosgarren entsegua lortu zuten eta, partiduaren azken txanpan, seigarrena. Gauzak horrela, norgehiagoka amaieran Gaztedi 30-10 nagusi, markagailuak erakusten duena baino parekatuagoa izan zen neurketan.
AGT Arrasate/Eibarreko neskek azkenaurreko postuan jarraitzen dute, oraindik punturik urratu gabe. Datorren asteburuan etxean jokatzea egokituko zaie, ikasturteko aurreneko garaipena eskuratzeko aproposa dirudien aurkariaren kontra, gainera. Izan ere, azken sailkatu Hernanik bisitatuko du Mojategi. Hernaniarrak azkenak dira sailkapenean, -4 puntu dituztela.

0 comentarios