2022/10/16 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Ramón Barrutia
Arrasate Errugbi Taldeko neskek asteburu honetan debuta egin dute zaleen aurrean Mojategin eta, iragan asteburuan Iruñean gertatu bezala, oraingoan ere ezin izan dute garaipena eskuratu. Asier Delgado eta Eric Cuevasek zuzendutako taldeak Durango hartu zuen zapatu goizean Mojategin, eta azken emaitza 12-26 izan zen bisitarien alde.
Partidua galdu bazuen ere, lehenengo kolpea AGT Arrasate/Eibarrek emandakoa izan zen, hamargarren minutua bete baino lehen etxekoen kapitain Oihanek goizeko aurreneko entsegua lortu baitzuen. Kolpe horrek Durango suspertu egin zuen, eta bisitariek hiru entsegu egin zituzten jarraian, horietako bi transformatuz.
5-19koarekin Delgado eta Cuevasen neskek aurrerapauso berri bat eman zuten, oraingo honetan Eider Luengok lortutako entsegua eta Oihanek gauzatutako transformazioaren bitartez. 12-19koarekin partidua berriro ere zabalik zegoen baina, atsedenaldira joan aurretik, Durangok entsegu berri bat lortu eta 12-26koarekin joan ziren aldageletara bi taldeak.
Bigarren zatian indarrek parekatuta jarraitu zuten, eta AGT Arrasate/Eibarreko neskak saiatu egin ziren markagailua iraultzen; Durangok, baina, eskarmentu handia erakutsi zuen, eta errentari eusteko gai izan zen. Honenbestez, arauzko 80 minutuak agortuta, 12-26 nagusi Durango. Hurrengo asteburuan aukera berri bat izango du konbinatu gipuzkoarrak ikasturteko aurreneko garaipena eskuratzeko, oraingo honetan Gaztediri egingo dion bisitarekin.
















0 comentarios