ENEKO AZURMENDI (www.goiena.eus)

2019ko Garagardo Azoka.

Azken bi urteetan antolatu ezin izan duten arren, bueltan da Arrasate Rugby Taldearen Garagardo Azoka eta aste honetan egingo dute, eguenetik zapatura. Horrekin batera, gainera, 50.urteurreneko erakusketa irekiko dute Kulturateko klaustroan, eguenean hasi eta ekainaren 18ra arte.

Diru-sarrera garrantzitsua da Garagardo Azoka Arrasate Rugby Taldearentzat, urteko aurrekontuaren zati potolo bat irteten baita hortik. “Hori dela eta, azken bi urte hauek zailak izan dira eta beste diru iturri batzuk aurkitzen saiatu behar izan gara. Beraz, bi urteko geldialdiaren ostean, gogo handiarekin gatoz bueltan”, azaldu du ARTko kide Ihabar Arriaranek.

Orain arteko modu berean funtzionatuko du azokak. Eguenean, irekiera egunean, pintxo-potea egingo dute eta, gainontzean, ukondoa, oilaskoa eta saltxitxak egongo dira jateko, ohi moduan. Edatekoari dagokionez, berriz, askotariko garagardoak dastatu ahal izango dira. Eguenean 19:00etan irekiko dute azoka eta afaltzeko aukera egongo da hiru egunetan. Halaber, zapatuan bazkariak ere emango dituzte.

Azokarekin batera, zazpiko errugbiko txapelketa antolatu izan du ARTk, baina aurten ez dute egingo. “Azken urteetan indarra galtzen ari zen eta geroz eta talde gutxiago etortzen ziren. Denboraldia gogorra izaten da eta taldeak nahiko erreta iristen dira sasoi honetara. Beraz, aurten ez antolatzea erabaki dugu”. Edozelan ere, Herensugeek partidua jokatuko dute zapatuan Mojategin, Hernaniko beteranoen aurka. 

Kontzertuak eta murala egiteko tailerra

Azoka girotzeko, bestalde, kontzertu batzuk antolatu dituzte. Eguenean, 19:30ean, Leire Etxezarreta eta Pello Heriz ariko dira akustikoan eta 22:30ean, Doce C Klik rap-kantarien txanda izango da. Egubakoitzean, 22:30ean, Sin+ talde beteranoak joko du kontzertua eta zapatuan, azkenik, AZ Gaubelakek musikatuko du azoka, 22:30ean hasita. 

Horrez gain, egubakoitzean, 17:00etan, umeentzako aurpegiak margotzeko eta txapak egiteko txokoa jarriko dute, murala margotzearekin batera. Pook taldeko Lexuri Doyague eta Joana Manzisidor ari dira mural hori diseinatzen eta haiek egingo dituzte gidari lanak tailerrean. Behin murala eginda, Mojategiko sarreran jarri gura dute. 

Azokarekin batera, zazpiko errugbiko txapelketa antolatu izan du Arrasate Rugby Taldeak, baina aurten ez dute egingo. “Azken urteetan indarra galtzen ari zen eta geroz eta talde gutxiago etortzen ziren. Denboraldia gogorra izaten da eta taldeak nahiko erreta iristen dira sasoi honetara. Beraz, aurten ez antolatzea erabaki dugu”. Edozelan ere, beteranoen Herensugeak taldeak partidua jokatuko dute zapatuan Mojategin, Hernaniko beteranoen aurka.  

50 urteko ibilbideari errepasoa egiteko erakusketa

Erakusketa bat ere prestatu dute, 50.urteurrenari errepaso bat egingo diona, eta hori ere eguenean irekiko dute, Kulturateko klaustroan. Urteurreneko ekintzak antolatzeko hiru lantalde egin dituzte: iraganekoa, gaur egunekoa eta etorkizunekoa. Hain zuzen ere, lehenengo lantaldetik irten da erakusketa egiteko ideia. “Taldearen memoria historikoa sortzen ari dira eta 50 urte hauen errepasoa egitea da erakusketaren helburua. Hori dela eta, argazki eta kamiseta zaharrak ikusi ahal izango dira, panel informatiboekin batera. Denbora lerro moduko bat egin dugu, mugarri garrantzitsuenak aipatuz eta gaur egungo filosofia jasotzen duen beste panel bat ere badago. Era berean, taldeak irabazitako hainbat kopa ere egongo dira”, nabarmendu du Arriaranek.

Gustura azaldu da urteurrenaren baitan orain arte egin dituzten ekintzek emandakoarekin, eta kirol arloan ere “urte borobila” izan dela onartu du. Gainera, udazkenera begira jarrita daude dagoeneko eta beste hainbat ekintza antolatzen ari dira, besteak beste, Touch Rugby txapelketa bat (plakaketa bariko errugbia) edota umeentzako errugbi eguna, puzgarriekin eta bestelakoekin.  

Categorías: 50. urteurrena

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *