ISEI BARBERO / Argazkiak: Olatz Orokieta

Arrasate Errugbi Taldeko neskek modurik onenean agurtu dute 2021-2022 denboraldiko liga txapelketa, zaleen aurrean garaipena eskuratuz.  AGT Arrasate/Ordiziak zapatu arratsaldean egin zion aurre Mojategin Bera Berari eta, emozioz beteriko neurketan, azken unean nagusitu zen 29-27ko emaitzaz.  Modu honetan, konbinatu gipuzkoarrak garaipen batekin amaitu du ikasturtea, hilabete luzez egindako lanaren fruitua.

Lehenengo zatian 12-0 aurreratu ziren etxekoak, Eider Luengo eta Kattalinek lortutako entsegu banari esker.  Bi transformazioetatik batean asmatu zuen Sara ordiziarrak eta, esan bezala, eta lehenengo zati ona jokatu ostean, abantaila erosoarekin joan ziren aldageletara Arrasate eta Ordiziako neskak.

Aldageletatik bueltan, baina, indarrak parekatu egin ziren, eta azken unera arte ez zuen garaipena eskuratu konbinatu gipuzkoarrak.  Bigarren zatia, ordea, ezin hobeto hasi zen AGT Arrasate/Ordiziarentzat, Maitek lortutako entsegu berri baten bitartez abantaila handitu baitzuten etxekoek (17-0). 

Emaitza horrekin bazirudien Erik Cuevasen neskek partidua bideratuta zutela, baina Bera Berak lau entsegu jarraian egin eta markagailua irauli egin zuen (17-20).  Horrekin konformatu ez, eta entsegu berri bat egin zuten donostiarrek, oraingoan, gainera, transformazioan hutsik egin gabe, eta markagailuan 17-27koa ezarriz.

Bazirudien berriro ere partiduak ihes egingo ziola AGT Arrasate/Ordiziari, baina orduantxe etorri zen konbinatu gipuzkoarraren erreakzioa.  Mojategin bildutako zaleen hauspoa bidelagun, Ordiziako Itziarrek entsegua lortu eta berriro ere sartu zuen partiduan etxeko taldea (22-27).  Maitek entsegu berri bat lortu zuen, markagailua berriro ere orekatuz (27-27) eta, zorionez, oraingo honetan Sarak asmatu egin zuen baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan, AGT Arrasate/Ordiziari denboraldiko lehenengo garaipena emanez, Mojategin bildutako jarraitzaile zuri-moreen gozamenerako.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *