ISEI BARBERO / Argazkiak: Olatz Orokieta

Arrasate Errugbi Taldeko neskek ezin izan dute denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu, zapatu honetan, Mojategin, Uni Bilboren kontra galdu baitute.  Bisitariek hasieratik hartu dute aurrea markagailuan eta, lehenengo zatian AGT Arrasate/Ordiziak entsegu bat lortu badu ere, minutuak aurrera egin ahala bi taldeen arteko aldea areagotuz joan da.  Gauzak horrela, partidu amaieran Uni Bilbo nagusitu da 5-54eko emaitzarekin.

Bigarren minuturako eman dute lehenengo kolpea bilbotarrek, entsegua eta transformazioa gauzatuta (0-7).  Ordu erdia bete orduko markagailuak bisitarien aldeko 0-21 erakusten zuen eta, une horretan, Itziar ordiziarrak entsegua egin eta itxaropena piztu du Mojategin.  Zoritxarrez, etxekoen pozak ez du luzaroan iraun, eta atsedenaldira joan aurretik Uni Bilbok goizeko laugarren entsegua lortu eta 5-28koa ezarri du.  Emaitza horrekin joan dira atsedenaldira bi taldeak aurreneko 40 minutuak agortuta.

Aldageletatik bueltan AGT Arrasate/Ordiziako neskak ahalegindu dira partiduari buelta ematen, baina bilbotarrek eskarmentu handiagoko taldea direla erakutsi dute.  Gauzak horrela, bisitariek beste lau entsegu egin, horietatik hiru transformatuz, eta amaierako 5-54koa jarri dute markagailuan, merezitako garaipena lortuz.

Porrot honen ostean AGT Arrasate/Ordiziak sailkapeneko azken postuan jarraitzen du, oraindik punturik eskuratu gabe.  Datorren asteburuan ez da liga txapelketako jardunaldirik izango emakumezkoen Euskal Ligan baina, 15 egun barru, Arrasate Errugbi Taldeko neskek aukera berri bat izango dute joera negatibo horri buelta emateko, oraingo honetan berriro ere etxean baina Gaztedi bisitari izango dela.

Categorías: Emakumezkoak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *