2026/11/18 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Iragan asteburuan garaipenaren bidera itzuli ostean, Kanpanzar Arrasate 37-3 nagusitu zen Atletiko San Sebastianen aurka Mojaten, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek bolada onari eustea bilatuko dute larunbat honetan. 16:00etatik aurrera Julen Barrutiak zuzendutako taldeak Astin jokatuko du Zarautzen kontra eta, bertan, denboraldiko bosgarren garaipena bilatuko du.
Urriko azken asteburuan Durango liderraren zelaitik esku hutsik etorri eta gero, Barrutiaren mutilek garaipenaren zapore gozoa dastatu zuten berriro ere pasa den astean, taldea sailkapenaren goialdean finkatuz. Bost jardunaldi jokatuta egungo hirugarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate; sarrailagileek lau garaipen poltsikoratu dituzte orain arte, orotara 18 puntu batuz. Aurretik bi talde baino ez daude: 23 puntu dituen Durango liderra, eta bigarren sailkatu Baztan, azken honek puntu bat gehiago baino ez daukala.
Barrutiaren mutilek larunbat honetan aurrean edukiko duten aurkariaren egoera oso bestelakoa da, partidu bakarra irabazita azken aurreko sailkatua baita Zarautz. Kostaldekoek lau puntu baino ez dituzte patrikan, eta Errioxari irabazteko baino ez dira gai izan orain arte. Hori gutxi balitz, entsegu gehien jaso duen taldea ere badira, 27 guztira.
Testuinguru honetan, eta sailkapenak erakusten dituen datuei erreparatuz, dena alde du Kanpanzar Arrasatek garaipena etxera ekartzeko. Hala eta guztiz ere, jakin badakigu Euskal Ligako 1. maila moduko kategoria gogorrean ez dagoela aurkari txikirik, eta Zarautz ez da salbuespena. Gauzak horrela, apal eta kontzentratuta zelairatu beharko dira Barrutiaren mutilak Astitik zerbait positibo ekartzeko.
Neskek atsedena
Mutilek ez bezala, senior mailako neskek atsedenaldi jardunaldia izango dute asteburu honetan. Pasa den astean, uste baino gehiago sufrituta izan bazen ere, Geurea RT-k denboraldiko bosgarren garaipena ekarri zuen Gasteizetik. Gauzak horrela, Zabaleren neskek tinko eusten diote lidergoari 24 punturekin, puntu bakarrera bigarren sailkatu Donostia baldin badute ere.
Hurrengo jardunaldian, denboraldiko seigarrena eta datorren asteburuan jokatuko dena, konbinatu euskaldunak Durangori egingo dio bisita. Bizkaitarrek hiru garaipen poltsikoratu dituzte orain arte, eta laugarren sailkatuak dira 15 punturekin.
Kartelera
Zapatuan beste bi hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak: 10:30ean, Mojategin, 14 urtez azpikoek Txingudiren kontra neurtuko dituzte indarrak eta, 10:30ean, Inklusiboko jokalariek Donostian izango den “Denon jokoan – kirol inklusibo astea” ekimenean hartuko dute parte. Igandean gaztetxoenen txanda izango da, Mojategin burutuko den topaketan 100 ume inguruk hartuko baitute parte 14 entrenatzaileekin batera, goizeko 10:30ean hasita. Esan beharra dago 16 eta 18 urtez azpikoetan ez dela liga jardunaldirik izango asteburu honetan, Euskal Selekzioak Madrilgoaren kontra zenbait partidu jokatuko baititu, tartean klub zuri-moreko zenbait ordezkari izango direla.