2026/11/7  ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko neskek garaipen berri bat eskuratu dute, denboraldiko laugarrena, oraingo honetan Uni Bilboren kontra.  Joseba Zabalak zuzendutako taldea hasiera hasieratik nagusitu da San Roken jokatutako partiduan, uneoro lehia kontrolpean eduki du eta, horren adierazgarri, amaierako emaitza:  70-17 Geurea RT-ren alde.

Lehia hasi bezain pronto jarri da aurretik konbinatu euskalduna, seigarren minutuan Amara Bernaltek lortutako entseguari esker.  Ordu laurdena igarota 15-0 zen aurretik Geurea RT, Nerea Ugarte eta Garazi Berrio-Otxoak lortutako entseguei esker.  20. minutuan Uni Bilbok etxekoen aldea murriztu egin du (15-7) baina, berehala, Zabalaren nesken erantzuna etorri da, Irene Dolara arrasatearraren entseguarekin.

20-7koarekin etxekoek nagusitzen jarraitu dute eta, atsedenaldira joan aurretik, beste hiru entsegu lortu dituzte, Malen Lejarzarena bata eta Berrio-Otxoa ahizpenak beste biak, horietako bat Irene Dolarak transformatu duela.  Bazirudien 32-7koarekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, arauzko denbora amaitzear zela, Uni Bilbok entsegu berri bat egin du, markagailuan 32-12koa ezarriz.

Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu du, halere, lehenengo kolpea bilbotarrek eman dute, arratsaldeko hirugarren entsegua lortuz (32-17).  Hortik aurrera talde bakarra ikusi da zelaian, Geurea RT, eta etxekoen entseguak bat bestearen atzetik heldu dira, bost orotara.  Maddi Berrio-Otxoak eta Aiora Agirregomezkortak bina lortu dituzte eta, bestea, Jone Ugaldearena izan da.  Berrio-Otxoak berak hiru transformazioetan asmatu du, amaierako markagailua 70-17 izan dela.

Garaipen honekin Geurea RT-k tinko eusten dio lidergoari 20 punturekin, bigarren sailkatu Donostiarekiko bi puntuko abantaila duela.  Hurrengo asteburuan hitzordu berri bat izango dute Joseba Zabalaren neskek, oraingo honetan etxetik kanpo, Lakuako errugbi zelaian Gaztediren kontra neurtuko baitituzte indarrak.

Categorías: Emakumezkoak