2026/10/18 ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa
Asteburua biribila izan da Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoentzat, bai mutilek eta baita neskek ere euren partiduak irabazi baitituzte, azken hauen kasuan, gainera, erakustaldia eskainita. Joseba Zabalak zuzendutako taldeak ikasturtearen lehenengo hitzordua eduki zuen zapatu arratsaldean San Roken, Uribealdeak Elorriora egindako bisitan. Emakumezkoen Euskal Ligako bigarren jardunaldiaren baitan kokatutako partidua zen honako hau, lehenengokoa, Landaren jokatu beharrekoa, Hernanirekin atzeratzea adostu baitzuten Geurea RT-ko neskek.
Gauzak horrela, liga erakustaldia eskainita hasi dute Zabalaren neskek, 80-0 gailendu baitziren Uribealdeari. Partidua historia gutxikoa izan zen, hasiera-hasieratik jaun eta jabe izan baitzen konbinatu euskalduna. Bosgarren minuturako lortu zuten aurreneko entsegua etxekoek, Amalur Arizabaletaren eskutik, eta atsedenaldira 39-0eko errentarekin joan ziren, Haizea Zabala arrasatearrak bi entsegu lortu zituela.
Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu zuen, Geurea RT-ko nagusitasunarekin eta, testuinguru honetan, etxekoen entseguak bata bestearen atzetik heldu ziren. Arrasatearrei dagokionez, Zabalak beste bi entsegu lortu zituen, Irene Dolarak hiru eta Ane Rinconek beste bat. Esan bezala, 80-0 nagusitu zen Geurea RT San Roken eta, partidu bat gutxiago jokatuta baldin bada ere, honezkero ligako talde onenen artea dago.
Mutilen bigarren garaipena
Neskek ez bezala, senior mailako mutilek etxetik kanpo jokatu zuten, Faduran Getxoren kontra, eta bertan denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuten. Kanpanzar Arrasate 19-34 nagusitu zen eta, modu honetan, denboraldi berriko bi jardunaldi jokatu direnean sailkapen buruko taldeen artean kokatu da.
Partidua ezin hobeto hasi zen bisitarientzat, hirugarren minuturako Iraitz Arriaranek entsegua egin eta aurretik jarri baitzuen Kanpanzar Arrasate. Ondoren, Maren Jimenezek ez zuen hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan (0-7). Sarrailagileen pozak, baina, etzuen luzaroan iraun, hiru minutu beranduago Getxok tantoa egin eta markagailua estutu baitzuen (5-7).
Zorionez, lehenengo zatiko ekuatorea gaindituta, bisitarien susperraldia iritsi zen, Jimenez eta Arriaranen entsegu bana eta lehenengoaren beste bi transformazioekin. Gauzak horrela, arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta, 5-21eko errentarekin hartu zuten aldageletarako bidea Julen Barrutiaren mutilek.
Bigarren zatia hasi bezain pronto Portalok baloia zutoien artera bidali eta arrasatearren errenta handitu egin zuen (5-24) eta, handik gutxira, Oihan Irasuegiren entseguak eta Portalo beraren transformazioak 5-31koa eraman zuen markagailura. Hortik aurrera, ordea, etxekoak nagusitzen hasi ziren eta, bi entsegu eginda, markagailua estutu zuen (19-31).
10 minutu geratzen ziren arauzko denbora amaitzeko eta partidua bizirik zegoen berriro ere. Zorionez, Portalok berriro ere etekin ezin hobea atera zion epaileak adierazitako zigor kolpe bati eta, baloia zutoinen artera bidalita, amaierako 19-34 ezarri zuen markagailuan, Kanpanzar Arrasaterentzat denboraldiko bigarren garaipena bermatuz.