2026/5/30 ISEI BARBERO | Argazkiak:  Artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko nesken denboraldi bikainak zeresana ematen dabil, herriko txoko guztietan oihartzuna izan duela. Gaur, ekainak 11, Arrasateko Kirol Sarietarako hautagaien izenak eman ditu aditzera Udalak eta, talde onenaren kategoriaren baitan, Geurea RT hautagaietako bat izango dela iragarri dute.

Arrasateko, Elorrioko eta Zornotzako errugbilariek osatzen dute Geureak taldea, eta aurten denboraldi ederra egin dute. Etxean, Mojategin, La Unicari irabazita lortu zuten astebete geroago Zarautzen jokatu behar zuten final handirako sailkatzea. Eta finalean faboritoa Gaztedi talde indartsua bazen ere, Geureakoek sekulako partidua egin zuten gasteiztarren aurrean, eta azken segundoetan lortutako entsegu bati esker lortu zuten Euskal Liga irabaztea”, adierazi du Arrasateko Udalak bere webgunean.

Geurea RT-ko neskekin batera beste hiru hautagai izango dira talde onenaren kategoriaren baitan: Mondrate areto futboleko senior mailako mutilak, Mondragon Unibertsitateko senior mailako gizonezkoen taldea eta Smartlog Ointxeko 3x3ko emakumezkoak. Herritarren sarirako proposamenak, berriz, honako hauek dira: Irene Murua saskibaloi jokalaria, Ander Murua pilotaria, Bingen Errasti Surne Bilbao Basketeko saskibaloi jokalaria, Eider Gutierrez igerilaria, Andoni Azkarate mendi lasterkaria, Mikel Velasco ardi moztailea, Eneritz Urrutia triatleta eta Josu Tornay xakelaria.

Arrasateko Udalak herriko kirolari eta kirol talde onenen lana aitortuko du ekainaren 18an, eguena, Kulturolako arkupean (18:30). Hala, AKS (Arrasateko Kirol Sariak) barruan, Udalak dagoeneko hainbat sari erabakita ditu, hala nola, Kirolari onenaren saria, eta Kirol errokonozimenduarena. Sari horiek egunean bertan jakinaraziko dira, ekitaldian bertan.

Gainontzeko sarietan herritarrek parte-hartze zuzena izango dute, izan ere, euren esku egongo da Herritarren saria eta Talde onenaren saria erabakitzea. Batetik, herritarren saria emango diote bakarkako kirolari bati, eta bestetik, kirol talde onenaren saria ere euren esku egongo da. Horretarako, Udalaren webgunean eman beharko dute botoa.

Gaur hasi eta ekainaren 15a bitartean edukiko dute arrasatearrek botua emateko aukera. Dagoeneko bozkatu daiteke udaleko web atarian.

Leah Moral Euskal Selekzioarekin

Beste alde batetik, Euskadiko Errugbi Federazioak CESA txapelketarako kategoria ezberdinetako taldeen deialdien berri eman du eta, 18 urtez azpikoen emakumezkoen kasuan, beste behin Leah Moral jokalari arrasatearra hautatua izan da. Honenbestez, Moralek Euskal Selekzioaren elastikoa defendatuko du Valladoliden.

Leah Moral
Categorías: Emakumezkoak