2026/5/30 ISEI BARBERO | Argazkiak: A.R.T.
24 ordu baino gutxiago falta dira Arrasate Errugbi Taldeko nesken egun handirako, bihar, larunbata, ligako finala jokatuko baitute. Sailkapen fasea bigarren postuan amaitu eta gero, eta amaiera faseko bi kanporaketak -Durango final laurdenetan eta La Unica finalerdietan- gaindituta, iragan asteburuan Urgozo eta Elorriorekin osatutako Geurea RT-k final handirako txartela eskuratu zuen. Hitzordua Zarautzeko Asti errugbi zelaian izango da, 15:30ean hasita, eta bertan Joseba Zabalaren neskek ligako lider Gaztedi izango dute zain.
Partidu gogorra eta parekatua aurreikusten da biharko finalerako, gasteiztarrak karga fisiko txikiagoarekin heltzen direla. Izan ere, Zabalaren neskek azken bi asteburuetan amaiera faseko kanporaketak jokatu behar izan dituzten bitartean, Gaztedik atsedena izan du. Dena den, aktibitate falta hori agian konbinatu euskaldunaren alde joka dezake, aste hauetan guztietan gogor entrenatu arren, arabarrak nolabaiteko erritmo faltarekin heldu baitaitezke larunbat honetako partidu erabakigarrira.
Kontuk kontu, final batean edozer gauza gerta daiteke eta, ziur asko, honako hau ez dela salbuespena izango. Aurrekaririk gertukoenetakoekin topo egiteko aurtengo liga txapelketara jo beharra daukagu, bertan bi aldiz elkarren artean ikusi baitira Gaztedi eta Geurea RT. Lehen partidua laugarren jardunaldian jokatu zuten, Zornotzan, eta arabarrak 10-19ko emaitzarekin nagusitu ziren. Bueltako partiduan, 11. jardunaldian Lakuan jokatutakoa, Gaztedi aise nagusitu zen, 31-0, hain justu ere.
Testuinguru honetan, faborito gisa zelairatuko dira arabarrak larunbat honetako finalean baina, aurtengo joerari eutsiz, ziur asko Zabalaren neskek ez dietela lana erraztuko. Amaiera fase honetan konbinatu euskalduna garaiezin bilakatu da, sasoi ezin hobea erakutsiz. Azken entrenamendua ostegun arratsaldean burutu zuten eta, honezkero, gauza bakarra dute buruan: Euskal Ligako txapeldun izatea. Horretarako,eta babesa emateko, Arrasateko zale ugari izango dira Zarautzen, klubak antolatuta bertara joateko autobusa irtengo baita Arrasatetik.
