2025/3/16 | ISEI BARBERO | Argazkiak: @art_neskak
AGT Arrasate/Eibarreko neskek irribarretsu amaitu dute asteburua, zapatu honetan, Donostian, 22-24 emaitzarekin nagusitu eta gero. Joseba Zabala eta Asier Delgadok zuzendutako taldeak Bera Berari egin dio bisita zapatu arratsalde honetan eta, norgehiagoka parekatuaren ostean, azkenean bi puntuko aldeagatik nagusitu da.
Norgehiagoka hasi eta gutxira hartu du aurrea markagailuan Bera Berak, eta 20. minuturako etxekoen errenta 10-0ekoa zen. Zorionez, lehenengo zatiko ordu erdia bete aurretik AGT Arrasate/Eibarren susperraldia iritsi da, Eider Luengoren entseguarekin. Honenbestez, 10-5eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia hasi eta berehala bisitariek markagailua irauli egin dute, oraingo honetan Haizea Zabalaren entsegua eta Ane Coutoren transformazioarekin (10-12). Konbinatu gipuzkoarraren pozak, baina, ez du luzaroan iraun, etxekoek bost minutu eskasetara entsegu berri bat egin eta berriro ere aurretik jarri baitira (15-12).
Delgado eta Zabalaren neskak, baina, ez dira kikildu, eta Agueda Pisen entsegu pareak -transformazio bat barne- 15-24 jarri dute aurretik berriro ere konbinatu gipuzkoarra. Bera Beraren entsegu berri batek 22-24koa ezarri du markagailuan arauzko denbora amaitzeko ordu laurdenaren faltan, partidua zabalik utziz. Zorionez, bisitariak gai izan dira bi puntu eskaseko errenta horri eusteko, eta norgehiagoka AGT Arrasate/Eibarren garaipenarekin amaitu da.