2025/1/26 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipen garrantzitsua lortu dute asteburu honetan. Julen Barrutiak zuzendutako taldeak aurkari zuzena hartu du zapatu arratsaldean Mojategin, sailkapenean bere aurretik zegoen Bera Bera. Sarrailagileek lehenengo zatitik bideratu dute partidua eta, atsedenaldira 12-7ko errentarekin joan eta gero, azkenean 26-7 nagusitu dira.
Iraitz Arriaranen entsegu baten bitartez hartu du aurrea markagailuan etxeko taldeak. Sendo aritu dira arlo defentsiboan Barrutiaren mutilak lehenengo zatian zehar eta, aurretik esan bezala, 12-7ko errentarekin hartu dute aldageletarako bidea arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatian partiduak ildo beretik jarraitu du: sarrailagileen sendotasunak bere fruituak eman ditu, donostiarrak ez baitira gai izan etxekoen entsegu eremua zeharkatzeko. Aitzitik, Kanpanzar Arrasatek beste entsegu parea lortu ditu eta, zutoinen artera bidalitako baloiak bidelagun, azkenean 26-7ko errentarekin nagusitu da.
Nesken porrota
Mutilen partidua baino lehen, eguerdiko 13:00etan, nesken txanda izan da. Bigarren faseko hirugarren jardunaldiaren baitan Zabala eta Delgadoren neskek Elorrio liderraren bisita izan dute eta, zoritxarrez, aurreikuspenak bete egin dira. Izan ere, bizkaitarrak 0-21eko emaitzarekin nagusitu dira, etxekoek ez baitu izan jokalari nahikorik partidua jokatzeko.
Une honetan AGT Arrasate/Eibar azken hirugarrena da sailkapenean hiru punturekin, Gaztedi eta Errioxaren aurretik. Azkenaurreko sailkatu Errioxari egingo diote bisita, hain justu ere, datorren asteburuan Arrasate Errugbi Taldeko neskek.
