2025/1/8 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Urtearekin batera, fase berria ere estreinatuko dute asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko neskek. Sailkapen fasea azken hirugarren postuan amaitu eta gero, Asier Delgadok eta Joseba Zabalak zuzendutako taldeak B multzoan lehiatuko du datozen hilabeteetan eta, bigarren fase honetako estreinaldiko jardunaldiaren baitan, Mojategin jokatuko du asteburu honetan. Zapatuan, eguerdiko 12:00etan hasita, Uni Bilbo hartuko du etxean AGT Arrasate/Eibarrek.
Ezohiko jardunaldia izango da asteburu honetakoa klub zuri-morearentzat, neskek ez bezala, klubeko talde gehienek atsedenaldi jardunaldia izango baitute, senior mailako mutilak barne. Iragan asteburuan Donostiatik esku hutsik etorri eta gero, datorren asteburura arte ez du hurrengo partidua jokatuko Kanpanzar Arrasatek, Mojategin izango da, Baztanen kontra.
Neskekin batera asteburu honetan berdegunera salto egingo duten bakarrak Errugbi Eskola eta Inklusiboko neska-mutikoak izango dira. Biak ala biak entrenamendu saioa burutuko dute, ohi bezala, igande goizean -10:30ean hasita- Mojategin. Esan bezala, Arrasate Errugbi Taldeko gainontzeko taldeek atsedenaldia izango dute asteburu honetan.
