2024/12/11 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Asteburu honetan Euskal Ligako 1. mailako bederatzigarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Hernani hartuko dute Mojategin. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiak zuzendutako taldeak azken asteetako bolada onari eustea bilatuko du.

Azken bi partiduak irabazi ditu Kanpanzar Arrasatek, orain direla bi aste Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutakoa eta, pasa den zapatuan, Urgozori egindako bisitan. Gauzak horrela, zortzi jardunaldi jokatuta, seigarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate, jokatutako zazpi partiduetan lau garaipen eskuratuta.

Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Barrutiaren mutilek 17 puntu poltsikoratu dituzte orotara, asteburu honetan Mojategi bisitatuko duen Hernanik baino bat gehiago. Landarekoek porrota jaso zuten iragan asteburuan Baztanen kontra etxean, atsedenaldi jardunaldiaren ostean ligari berrekiteko baliagarria izan zen partiduan.

Testuinguru honetan, eta sailkapenari erreparatuz, neurketa parekatua aurreikusten da zapatu arratsalderako Mojategin. Honako hau Kanpanzar Arrasatek 2024an jokatuko duen azkenaurreko partidua izango da, datorren astean Eibarren jokatuko duenaren aurrekoa, hain justu ere.

AGT Arraste/Eibar

Mutilek ez bezala, senior mailako neskek ez dute hitzordurik izango asteburu honetan. Iragan asteanLogroñon jokatu beharreko partidura Errioxa ez zen azaldu eta, honenbestez, Euskal Errugbi Federazioak 0-21 eman zion irabazitzat partidua konbinatu gipuzkoarrari. Norgehiagoka hau, zazpigarren jardunaldiaren baitan kokatutakoa, sailkapen faseko azkenekoa izan da AGT Arrasate/Eibarrentzat. Gipuzkoarrek azken hirugarren postuan amaitu dute ligaxka, Errioxa eta Uni Bilboren aurretik.