2024/11/23 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Hainbat hilabeteren ostean, bertako atletismo pistan egindako eraberritzen lanen ondorioz, AGT Arrasate/Eibar Mojategira itzuli da eta, zoritxarrez, etxerako buelta ez nahi bezain gozoa izan. Gaurkoan, Euskal Ligako seigarren jardunaldiaren baitan, konbinatu gipuzkoarrak bigarren sailkatu Durango hartu du etxean, eta sailkapenak erakusten duena agerian geratu da berdegunean. Izan ere, Durango aise nagusitu da, 10-80 emaitzarekin, hain justu ere.
Partidua lehenengo zatian bideratu dute bizkaitarrek, ordu erdia igarota euren aldeko 0-26koa erakusten baitzuen markagailuak. Atsedenaldira joan aurretik, baina, AGT Arrasate/Eibarrek bi entsegu egin ditu jarraian, Kattalin Otxoa eta Aiora Ibarren bitartez, 10-26koarekin itxaropenerako bidea zabalduz.
Aldageletatik bueltan, baina, bisitarien nagusitasuna oraindik nabariagoa izan da eta, minutuak aurrera joan ahala, durangarren entseguak bata bestearen atzetik heldu dira. Orotara bederatzi entsegu egin ditu bigarren zatian Durangok, azkenengoaren salbuespenarekin denak transformatuz, eta markagailuan amaierako 10-80koa ezarriz.
Porrot honekin AGT Arrasate/Eibarrek sailkapen zuloan sartuta jarraitzen du, azken hirugarren postuan bost punturekin, hain justu ere. Zabala eta Delgadoren neskek orain arte jokatutako bost partiduetatik bakarra irabazi dute, azken sailkatu Uni Bilboren kontra jokatutakoa. Datorren asteburuan ez da liga jardunaldirik izango baina, bi aste barru, azkenaurreko sailkatu Errioxari egingo dio bisita AGT Arrasate/Eibarrek. Bolada txarrari amaiera emateko aukera paregabea.
