2024/11/23 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipenaren bidera itzuli dira, Mojategin egindako eraberritze lanen ondorioz zenbait hilabeteetako itxieraren ostean, zelai arrasatearra berrestreinatzeko baliagarria izan den partiduan. Euskal Ligako 1. mailako zazpigarren jardunaldiaren baitanJulen Barrutiaren mutilek Uni Bilbo hartu dute etxean eta, hainbat asteetako lehortearen ostean, berriro ere garaipenaren zapore gozoa dastatzeko parada izan dute. Zuri-moreak 36-20 nagusitu dira.
Norgehiagokaren hasiera ezin hobea izan da Kanpanzar Arrasaterentzat, lehenengo ordu laurdena igarota 10-0 baitzen aurretik etxeko taldea Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpea eta, Unai Viterik lortutako entseguaren ostean, gauzatutako transformazioari esker. Sarrailagileek 30. minutura arte eutsi diote errentari baina, lehenengo zatiko ordu erdia igarota, Uni Bilbok entsegua egin eta etxekoen abantaila 10-5era murriztu du.
Zorionez, Barrutiaren mutilen erreakzioa berehala iritsi da, Oihan Irasuegiren entsegua eta, berriro ere, Portaloren transformazioari esker. Lehenengo zatiko azken hitza, baina, bilbotarrek izan dute, atsedenaldia ate-joka zela entsegu berri bat egin eta 17-12koarekin hartu baitute aldageletarako bidea bi taldeek lehenengo zatia amaituta.
Bigarren zatiko hasierako minutuetan parekotasuna izan da nagusi eta, hasierako 40 minutuetan gertatu bezala, 10. minutura arte ez da markagailua mugitu, Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri batekin (20-12). Ordu laurdena betetzear zela Uni Bilbok bigarren entsegua egin eta markagailua berriro ere estutu egin du (20-17) baina, jaurtitzaile arrasatearraren beste bi ostikadek lasaitasuna eraman dute Mojategiko harmailetara berriro ere .
20 minutu eskas falta ziren partidua amaitzeko eta emaitza une horretan 26-17 zen, baina Uni Bilbok zigor kolpe berri bati ateratako etekinak urduritasuna berpiztu du jarraitzaile arrasatearren artean (26-20). Zorionez, azkan 10 minutuetan Portalok zutoinen artera bidalitako baloiak, Unai Suinagaren entseguarekin batera -transformazioa barne-, Kanpanzar Arrasateren garaipena (36-20) bermatu dute.
