2024/5/5 | ISEI BARBERO | Argazkiak:  R. Barrutia

Arrasate Errugbi Taldeko neskek, Eibarrekin taldea partekatuz, ezin izan dute garaipenik eskuratu asteburu honetan, eta esku hutsik etorri dira Plaiaunditik.  Konbinatu gipuzkoarrak Txingudiri egin zion bisita zapatuan eta, norgehiagoka parekatua izan bazen ere, azkenean garaipena etxeko taldeak eskuratu zuten.  Azken emaitza 27-22 izan zen irundarren alde.

10. minutua bete baino lehen 7-0 ziren aurretik etxekoak, baina AGT Arrasate/Eibarren erantzuna berehala iritsi zen, ordu laurdena igarota bi entsegu jarraian egin eta markagailua irauli egin batzuen.  Ordu erdia betetzear zela, Marta Romeroren entseguak eta Lierni Anduagaren transformazioak bisitarien errenta 7-17ra handitu zuten baina, atsedenaldira joan aurretik, Txingudik beste bi entsegu egin –horietako bat transformatuz- eta 19-17ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatia hasi eta berehala AGT Arrasate/Eibarrek berriro ere hartu zuen aurrea markagailuan, oraingo honetan Maialen Garciaren entseguarekin (19-22).  Handik gutxira, baina, zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez Txingudik berriro ere berdindu zuen lehia (22-22).  Hortik aurrera indarrak parekatuta egon ziren baina, partidua amaitzeko bost minuturen faltan, irundarrek entsegu berri bat egin eta lehia erabakita utzi zuten 27-22ko emaitzarekin.

Kontxa

Honetaz gain, asteburu honetan Kontxako topaketa izan da eta, urtero legez, Arrasate Errugbi Taldeak parte hartu du bertan.  Errugbi Eskolako neska-mutikoez gain, 14 urtez azpiko eta inklusiboko taldeek bat egin dute ordezkaritza arrasatearrarekin eta, beti bezala, giro ona eta adiskidetasuna izan dira nagusi Donostiako hondartzan, errugbia ardatz hartuta, noski.