
2024/4/30 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Bizpahiru aste barru Arrasate Errugbi Taldeak emakumezkoen sailaren 30. urteurrena ospatuko du eta, horregatik, jokalari aitzindari horietako batekin solasaldia izateko aprobetxatu dugu. Aitziber Zumalde (Arrasate, 1978) 1991-1992 denboraldian hasi zen errugbia praktikatzen beste 15 neskekin batera eta, bi urte berandura arte, 1993-1994 denboraldian, ekipo horrek partidu ofizialik jokatu ez bazuen ere, horixe bera izan zen ART-ko emakumezkoen sailaren hazia.
“13 urte nituela, koadrilako Iker Saizarren bitartez izan nuen kirol honen berri, eta probatzera animatu nintzen”, gogoratzen du Zumaldek. Esan bezala, 1993-1994 denboraldira arte ez zuten norgehiagokarik jokatu ART-ko neskek: “astean zehar entrenamendu saioak burutzen genituen eta, asteburuetan, mutilen partiduak ikustera joaten ginen. Gogoratzen dut, partiduetako atsedenaldietan, baloia hartu eta praktikatzeko aprobetxatzen genuela”.

Hastapen garaiak, baina, zailak izaten direla diote, eta Zumaldek ere zailtasunak eduki zituen errugbiaren munduan aurreneko pausoak ematerako orduan. Pare bat urte entrenatzen aritu eta gero, bizkarreko arazoak tarteko, errugbia utzi behar izan zuen. Taldeak, baina, bere ibilbidea jarraitu zuen –hasierako jokalari askok errugbia utzi eta beste batzuek hartu zuten euren lekua-, eta partidu ofizialak jokatzen ere hasi ziren. Bi denboraldiz lehiatzen aritu eta gero, 1994-1995 denboraldian, taldea desagertu egin zen.
Bigarren garaia
Zorionez, etenaldi hau ez zen behin betikoa izan eta, 10 urte baino gehiago itxaron egin behar izan bazen ere, haziak berriro ere loratu egin zuen. “Uste dut 2007ko San Juanak zirela eta, sekulako beroaldia tarteko, neska talde berri bat errugbia praktikatzera animatu zen eta, noski, eurekin bat egin nuen”, gogoratzen du Zumaldek. Garaiko jokalari Mikel Kerejetak eta Igor Erañak “Otala”, Ion Iria beteranoarekin batera, hartu zuten taldea entrenatzearen ardura. “Jokalari guztiak hasiberriak ziren, hortaz, entrenatzaileek nahikoa lan izan zuten arauak irakasten; esan beharra dago pazientzia mugagabea izan zutela”, dio barre artean Zumaldek.
Bigarren garai honetan proiektuak hiru denboraldiko biziraupena izan zuen, 2009-2010 ekitaldira arte, hain justu ere. Lehenengo garaian ez bezala, bigarren honetan hasieratik txapelketa ofizialetan lehiatzen aritu zen taldea, eta pare bat denboraldiz Durango Errugbi Taldeko neskak izan zituzten bidelagun, garai horretan Arrasate Errugbi Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu baitzuen klub bizkaitarrarekin. “Talde polita egin genuen, primerako harremana sortu zen gure artean, gaur egun oraindik bizirik dagoena”. Izan ere, Zumaldek azaltzen duenez, “bigarren garai horretako zenbait jokalarik bat egin dugu gaur egun, berriro ere, amen taldean, Pirolitikak delakoan”.

Gaur egun
Beste etenaldi luze baten ondoren, gaur egun emakumezkoen taldearen proiektuak bizirik dirau, inoiz baino osasuntsuago, gainera. Hirugarren etapa hau pandemia garaian jarri zen martxan, 2019-2020 denboraldian, hain justu ere. Senior mailako nesken taldeaz gain, gaur egun Eibar Rugby Taldearekin batera osatuta -1994-1995 denboraldian ere taldea zenbait eibartarrekin osatu zuten-, orain dela pare bat urte ere amen taldea jarri zen martxan.
Arrasate Errugbi Taldean emakumezkoan sailak izan duen bilakaeraren adierazlerik azpimarragarriena da Zumalde: “Sartu-irteerak izan ditudan arren, klubarekin beti harremana mantendu izan dut. Orain dela urte batzuk beteranoen talde Herensugeekin bat egiteko gonbitea jaso nuen eta, erabakia hartzea asko kostatu zitzaidan arren, beldurra ematen baitzidan gizonezkoen kontra jokatzeak, ez naiz damutzen hartutako erabakiaz. Handik denbora batera Pirolitiken berri izan nuen, eta bertan ere oso gustura nabil, talde oso polita osatu dugu eta elkarrengandik asko ikasten ari baikara”.