2024/4/10 | ISEI BARBERO | Argazkiak:  artxiboa

Aste Santuko etenaldiaren ostean, Arrasate Errugbi Taldearen ohiko jarduera bueltan da eta, honen baitan, asteburuetako partiduak.  Azken bi asteak norgehiagokarik jokatu gabe eman eta gero, AGT Arrasate/Eibarreko neskak berdegunetara itzuliko dira eta, zapatuan, eguerdiko 13:00etatik aurrera, Errioxaren kontra neurtuko dituzte indarrak Mojategin.

Asteburu honetakoa bigarren faseko hirugarren jardunaldia izango da konbinatu gipuzkoarrarentzat, orain arte partidu bakarra jokatu baldin badu ere.  Izan ere, estreinaldiko jardunaldian Iruñearen kontra Mojategin jokatu beharreko neurketa ez zen jokatu.  Bigarren jardunaldian, aldiz, gipuzkoarrak esku hutsik etorri ziren Gasteizetik, Gaztediren kontra 46-19 galdu eta gero.

Gauzak horrela, une honetan bigarren faseko B multzoko azken laugarrenak dira AGT Arrasate/Eibarreko neskak, oraindik punturik urratu ez dutela.  Aurrean edukiko duten aurkaria oso bestelako egoeran dago, bi partiduetan garaipen bat eskuratuta, Logroñokoak bosgarrenak baitira bost punturekin. 

Asteburu honetakoaz gain, Delgado eta Cuevasen neskek hiru hitzordu gehiago izango dituzten aurretik datozen asteetan:  Hilaren 20an Sarako Izarrari egingo diote bisita eta, astebete berandugo, Txingudiren zelaian jokatuko dute.  Denboraldiko azken partidua etxean jokatuko dute, maiatzaren 12an Getxok bisitatuko baitu Mojategi.  Oraindik zehazteke dago Iruñearen kontrako norgehiagoka noiz jokatuko duten, itxura guztien arabera, astebete beranduago beharko du izan.

AGT Arrasate/Eibarreko neskak, Bilbon jokatutako partiduan.

Mutilek liga amaituta

Liga erregularreko azken partiduan Durangok Mojategitik garaipena eraman eta gero, senior mailako mutilek honezkero liga amaitutzat eman dute.  Play-offa jokatzeko aukerekin heldu zen azken jardunaldira Kanpanzar Arrasate eta, horretarako, ezinbestekoa zitzaien talde bizkaitarra garaitzea.  Tamalez, gauzak etziren nahi bezala atera, eta Barrutiaren mutilek amore eman behar izan zuten.

Gauzak horrela, sarrailagileek ez dute partidu ofizial gehiago jokatuko aurtengo denboraldian.  Litekeena da, aurreko ikasturteetan bezala, talde zuri-moreak zazpinako txapelketaren batean edo bestean parte hartzea.

Kartelera

Nesken partiduaz gain, Arrasate Errugbi Taldeak beste bi hitzordu izango ditu zapatuan.  Goizeko 11:00etan, 14 urtez azpikoek Gaztedi hartuko dute Mojategin.  Zertxobait beranduago, 12:00etan, 18 urtez azpikoek Gernikari egingo diote aurre Urbietan.  Ohi bezala, igandeko hitzorduak Inklusibo eta Errugbi Eskolaren eskutik etorriko dira, asteroko entrenamendu saioa burutuko baitute Mojategin 10:30ean hasita.