2023/11/6 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  R. Barrutia

Arrasate Errugbi Taldeko neskek garaipen berri bat poltsikora dute, domekan, Mojategin, Sarako Izarrari irabazita.  AGT Arrasate/Eibar bolada onean iristen zen norgehiagoka honetara, azken hiru partiduak irabazi eta gero eta, zorionez, bolada onak jarraipena izan du.  Etxekoak 51-19 nagusitu ziren eta, modu honetan, sailkapen buruko taldeen artean jarraitzen dute.

Norgehiagoka hasieratik jarri ziren aurretik etxekoak, zortzigarren minutuan Iraidek lortutako entseguarekin.  Hamar minutu beranduago AGT Arrasate/Eibarrek errenta 10-0ekora handitu zuen, oraingo honetan Idoia Goyaren tantoarekin.  Lehen zatiko ordu erdia bete baino lehen iritsi zen bisitarien erreakzioa, 26. minutuan lortutako entseguarekin (10-5).  Nafarren pozak, ordea, ez zuen luzaroan iraun, handik bost minutu eskasetara June Angulok konbinatu gipuzkoarraren hirugarren entsegua lortu baitzuen.  Oraingo honetan Nut Morak ez zuen hutsik egin transformazioan eta, honenbestez, 17-5eko emaitzarekin joan ziren atsedenaldira bi taldeak.

Aldageletatik bueltan AGT Arrasate/Eibarrek partidua kontrolpean edukitzen jarraitu zuen eta, horren adierazgarri, bigarren minutua bete orduko entsegu berri bat egin izana.  Oraingo honetan egilea Aiora Ibar izan zen, eta transformazioa gauzatzearen ardura Oihanek hartu zuen, baita asmatu ere (24-5). 

Aiora Ibar izan zen, hain justu ere, bigarren zatiko protagonista nagusia, ordu erdia bete baino lehen beste bi entsegu eginak baitzituen,  Dohak eta Oihanek lortutako beste banarekin batera.  Gauzak horrela, bigarren zatiko 25. minuturako etxekoak 46-5 ziren aurretik, partidua horrezkero erabakita zela.

Une horretan, baina, iritsi zen nafarren susperraldia, bost minutuko tartean bi entsegu egin eta beste horrenbeste transformazio gauzatu baitzituzten.  46-19koarekin, eta partidua amaitzeko bost minuturen faltan, nolabaiteko urduritasuna antzematen hasi zen Mojategin; Delgado eta Cuevasen neskek, baina, beste entsegu bat egin –June Anguloren bigarrena-, eta mamu guztiak uxatu zituzten, amaierako 51-19koa markagailuan ezarriz.

Gauzak horrela, AGT Arrasate/Eibar sailkapen buruko multzoan jarraitzen du.  Konbinatu gipuzkoarrak honezkero 17 puntu batu ditu, jokatutako bost partiduetatik lau irabazita.  Orain arte jasotako porrota bakarra Gaztediren kontra jokatutako partidukoa izan da, egungo liderra 24 punturekin, hain justu ere.

Datorren astean ez da liga jardunaldirik izango baina, bi aste barrua, Arrasate eta Eibarreko neskak Bizkaia aldera joango dira.  Emakumezkoen Euskal Ligako seigarren jardunaldiaren baitan, Delgado eta Cuevasen neskek Getxori egingo diote bisita.

Pirolitikak Xixonen

Arrasate Errugbi Taldeko amen taldea, Pirolotikak, Asturias aldean izan dira, Xixonen jokatutako Maters Series txapelketan parte hartzen. Hitzordua Las Mestas kirol eremuan izan zen zapatuan, goizeko 10:00etan hasita. Bertan 15 taldek hartu zuten parte, Euskal Herritik, Pirolitikakekin batera, beste hiru parte hartzaile izan zirela.  Aipatzekoa, txapelketa honetan etxeko taldeak debuta egin zuela, Madreñes izenekoa. Esan beharrik ez dago giro ona eta kirolatusuna izan zirela nagusi jardunaldi osoan zehar.

2022ko martxoan eman zituen aurreneko pausoak ART-ko amen taldeak, klubeko zenbait jokalarien amak elkartu eta taldea osatzea bururatu zitzaien momentuan.  Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu zituzten, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta.  Zentzu honetan, gasteiztarrekin zenbait lansaio burutu zituzten eta, Gasteizen, hain justu ere, debuta egin zuten uztailean “Maters Series” izeneko txapelketan. Gasteiztarrekin, eta ART-ko beteranoekin batera, Hondarribiko Rugby Beach delako txapelketan ere parte hartu zuten, finalerdietarako txartela eskuratuz. Sitgesen ere izan dira, “Maters Series” delakoaren edizio berri batean, hala nola, aurtengo otsailean, Sevillan.


0 comentarios

Deja una respuesta