2022/12/14 | ISEI BARBERO / Argazkiak: Artxiboa
Asteburu honetan galtzak bete lan izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak, klubeko ekipo guztiek salto egingo baitute berdegunera. Ohi bezala, zapatuan izango dira hitzordurik gehienak, tartean senior mailako gizonezko zein emakumezkoenak, biek jokatuko dute Mojategin.
Euskal Ligako sailkapen faseko azken jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek etxean agurtuko dute denboraldiaren aurreneko zatia, BRT Menditarrak talde nafarrak bisitatuko baitu Mojategin. Norgehiagoka zapatu arratsaldean jokatuko da, 16:30ean hasita, eta bertan Julen Barrutiaren mutilak iragan asteburuan Bilbon lortutako garaipenari jarraipena ematen ahaleginduko dira.
Sailkapenaren azken postuan heltzen da fase honetako azken jardunaldira Kanpanzar Arrasate, baina taularen erdialdera salto egiteko aukerekin. Zortzi partiduetan bi berdinketa eta garaipen bat eskuratuta, sarrailagileek orotara 10 puntu eskuratu dituzte, BRT Menditarrakek baino bat gutxiago eta laugarren postuan dagoen Uni Bilbotik hiru puntura daudela. Testuinguru honetan, Barrutiaren mutilek asteburu honetan irabazi eta nafarrek zein bizkaitarrek kale egiten badute, laugarren jarriko lirateke.
Kontuan eduki beharra dago, gainera, Kanpanzar Arrasatek oraindik jokatzeke daukala norgehiagoka bat, estreinaldiko jardunaldian Getxoren kontra jokatu behar zuena eta, bi taldeek horrela adostuta, atzeratuta geratu zena. Bizkaitarrak multzoko talde indartsuenetarikoa dira, partidu bakarra galdu baitute orain arte, Elorrio liderraren kontra jokatutakoa, hain justu ere.
Neskak ere etxean
Mutilek bezala, ART-ko emakumezkoen taldeak ere etxean jokatuko du, kasu honetan Uni Bilboren kontra. AGR Arrasate/Eibar eta bilbotarren arteko lehia zapatu eguerdirako deituta dago, 13:00etan hasita, eta bertan konbinatu gipuzkoarrak, hainbat asteetako etenaldiaren ostean, ikasturteko aurreneko garaipena bilatuko du.

AGT Arrasate/Eibarrek jokatutako bost partiduak galdu ditu, eta egungo azken sailkatua da, puntuen kutxatxoa oraindik estreinatu ez duela. Aurrean edukiko duten aurkaria oso bestelako egoeran dago, bi garaipen eta beste horrenbeste berdinketa eskuratuta, Uni Bilbo sailkapeneko hirugarren postuan baita 15 punturekin.
Norgehiagoka honen ostean datorren urtera arte ez dira berdegunera itzuliko AGT Arrasate/Eibarreko neskak, urtarrilaren 15eko asteburura arte, hain justu ere. Egun horretan multzoko lider La Unicak bisitatuko du Mojategin eta, horretaz gain, beste lau partidu izango ditu aurretik konbinatu gipuzkoarrak ligaska amaitu bitartean: Durango etxean hartuko dute; Gaztedi, Hernani eta Bera Berari, berriz, bisita egingo diete.
Gainontzeko hitzorduak
Zapatuan beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak, goiztiarrena goizeko 10:00, ordu horretan 16 urtez azpikoek Zarautz hartuko baitute Mojategin. Litekeena da norgehiagoka hau atzeratuta geratzea, Kirol Diziplinarako Batzordeak hartuko duen erabakiaren zain baitaude bi taldeak. 10:30ean 14 urtez azpikoek Hernaniko Landare errugbi zelaian izango den topaketan hartuko baitute parte Eibar, Errioxa, Zarautz, Hernani eta Atletiko San Sebastianeko neska-mutikoekin batera. 18 urtez azpikoak ere etxean arituko dira Zarautzen kontra, baina kasu honetan 11:15ean hasita.
Azkenik, ohi bezala, igandean Errugbi Eskolako 10 eta 12 urtez azpiko eta inklusiboko neska-mutikoen txanda izango da. Biek ala biek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, 10:30ean hasita, eta bertan parte hartu nahi duenak Mojategira gerturatu besterik ez du egin behar.
0 comentarios