2022/12/11 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko lehenengo garaipena eskuratu dute, zapatu honetan, Bilboko El Fango errugbi zelaian, jokatutako partiduan.  Euskal Ligako 1. Mailako bederatzigarren jardunaldiaren baitan Julen Barrutiaren mutilek Uni Bilbori egin zioten bisita eta, oraingoan bai, egindako lanak saria ekarri zion talde arrasatearrari, 12-29 nagusitu baitziren.

Lehenengo zatian indarrak parekatuta egon ziren, eta aurreneko kolpea bisitariek eman zuten, hamargarren minutua bete orduko Ander Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpearekin.  Ordu erdia betetzean, baina, Uni Bilbok entsegua egin eta markagailua irauli egin zuen.  Gauzak horrela, 5-3koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek aurreneko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatia hasi eta berehala, hirugarren minuturako, Kanpanzar Arrasatek berriro ere aurrea hartu zuen markagailuan, lehen zatian bezala, zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez.  Horrekin konformatu ez, eta beste bi zigor kolpeei etekina aterata Barrutiaren mutilek 5-12ko errenta lortu zuten bigarren zatiko 20. minutua oraindik bete barik zegoela.

Sarrailagileek baikorrak izateko arrazoiak izan bazituzten, baina jakitun ziren aurreko partiduetan gertatutakoaz, eta gogor jarraitu zuen lanean, ordura arteko tentsioari eutsiz.  Testuinguru honetan, oraingoan bai, Barrutiaren mutilek suertea alde izan zuten, eta egindako lanak fruituak ekarri zituen.  Gauzak horrela, norgehiagoka amaitzeko ordu laurdenaren faltan entsegua egin eta, transformazioan asmatu eta gero, 5-19koa igo zen markagailura.

Gutxi falta zen norgehiagoka amaitzeko eta zuri-moreek gertu zuten ikasturteko lehenengo garaipena, eta oraingoan ez zuten nahi sariak ihes egitea.  Zentzu honetan ez zen ezustekorik izan; aitzitik, partidua amaitu bitartean Kanpanzar Arrasatek beste bi entsegu egin zituen, Salaberri eta Suinagaren bitartez, 5-29a markagailuan ezarriz. Uni Bilbok oraindik, baina, azken hitza zuen, eta partiduaren ondarrean entsegua egin eta markagailua nolabait txukundu zuen (12-29).

Esan bezala, denboraldiko aurreneko garaipena Barrutiaren mutilentzat, sailkapen fasea amaitzeko geratzen diren bi partiduak baikortasun eta konfiantza handiagoarekin begiratzeko baliagarria izango dena.  Datorren asteburuan arrasatearrek BRT Menditarrak hartuko dute Mojategin, eta oraindik zain daukate Getxori egin beharreko bisita, denboraldiko estreinaldiko jardunaldian bi taldeek atzeratzea adostu zutena. 

Beste emaitzak

Seniorrez gain, zapatuan berdegunera egin zuten salto 16 eta 18 urtez azpiko taldeek baita ere, biek Iruñean.  18 urtez azpikoek garaipena ekarri zuten etxera, 12-17 nagusitu eta gero.  16 urtez azpikoek, baina, ez zuten suertea alde izan, eta amore eman behar izan zuten, etxekoak nagusitu baitziren 50-27.

Bost partidu jokatuta, 13 punturekin, hirugarren sailkatuak dira Arrasate Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoak, bi partidu irabazi eta beste bat berdindu ostean.  16 urtez azpikoak, berriz, bigarrenak dira, jokatutako sei partiduetan hiru garaipen eskuratuta, orotara 16 puntu dituztela.  Datorren asteburuan Arrasate Errugbi Taldeko kadete eta haur mailako taldeek etxean jokatuko dute, Zarautzek bisitatuko baitu Mojategi.


0 comentarios

Deja una respuesta