2025/4/13 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako neskek ezin izan dute denboraldia garaipenarekin agurtu, bigarren faseko azken jardunaldiaren baitan Saren jokatutako neurketan 32-20 galdu baitute Sarako Izarrak taldearen kontra. Iparraldekoek lehenengo zatian bideratu dute neurketa eta, hasierako 40 minutuetako zama hori, gehiegizkoa izan da Zabala eta Delgadoren neskentzat.
Partidua hasi eta berehala, lehenengo minutuan, aurrea hartu du markagailua Sarako Izarrak, entsegu eta transformazioaren bitartez. 7-0ekoarekin konformatu ez eta, bosgarren minutua bete orduko, errenta 12-0eraino handitu dute etxekoek. Une horretan iritsi da AGT Arrasate/Eibarren erantzuna, Arrate Delgadoren entseguaren bitartez (12-5).
Lehenengo zatiaren ordu erdia bete orduko, baina, etxekoek beste bi entsegu eginak zituzten, eta markagailuak 22-5 erakusten zuen. Atsedenaldira joateko bost minuturen faltan Guadalupe Marinek Iparraldekoen errenta murriztu du (22-10) baina, hiru minutu beranduago, Sarako Izarrakoek eguneko laugarren entsegua egin eta 27-10eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek lehenengo zatiaren amaieran.
Bigarren zatian indarrak parekatuagoa egon dira, eta bisitariek bi entsegu egin dituzte eta bat gutxiago etxekoek. Esan bezala, lehenengo zatian lortutako errenta nahikoa izan zaie etxekoei partidua irabazteko, eta norgehiagoka 32-20ko emaitzarekin amaitu da. Partidua, eta denboraldia ere amaitu egin da, gaurkoa bigarren faseko azken jardunaldia baitzen Euskal Ligako 1. mailan. Zabala eta Delgadoren neskek azken-aurreko postuan amaitu dute ikasturtea, bigarren fase honetan 12 puntu poltsikoratuta.