2025/2/16 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko neskek buru-makur amaitu dute, asteburu honetan, Unben jokatutako partidua galdu eta gero. Zabala eta Delgadoren neskek Sarako Izarrak hartu dute etxean domeka honetan eta, zoritxarrez, puntuek Iparralde aldera ihes egin dute. Azken emaitza 12-37 izan da bisitarien alde.
Gaurkoan ere jokalari falta izan da buruhauste nagusia, bai AGT Arrasate/Eibar eta, baita ere, Sarako Izarrak taldeko entrenatzailearentzat. Testuinguru honetan, hamabina jokalariekin jokatu dute norgehiagoka bi taldeek; gipuzkoarren kasuan ordezko jokalari bakarrarekin eta, iparraldekoenean, birekin. 10. minutua bete aurretik 0-10 ziren aurretik bisitariak eta, ordu erdia igarota, errenta jada 0-20koa zen. Zorionez, atsedenaldira joan aurretik Irene Dolara kapitaina eta Eider Luengo arrasatearraren entseguek bizirik mantendu dute konbinatu gipuzkoarra (12-20).
Bigarren zatiaren hastapenean bisitariek beste bi entsegu egin dituzte, garaipena bideratuz (12-30). Zabala eta Delgadoren neskak ahalegindu egin dira, baina euren lanak ez du fruiturik eman. Aitzitik, Sara Izarrak taldeak, bigarren zatiko ordu laurdena ate-joka zela entsegu berri bat egin du eta, transformazioa gauzatuta, 12-37koa ezarri du markagailuan. Iparraldekoak gai izan dira errentari eusteko eta, modu honetan, 12-37ko emaitzarekin amaitu du Unbeko lehia.
Porrot honen ostean azken hirugarren postuan jarraitzen du AGT Arrasate/Eibarrek, orain arte jokatutako bost partiduetan bi garaipen eskuratuta eta, orotara, zortzi puntu eskuratuta. Datorren asteburuan etxetik kanpo jokatuko dute Delgado eta Zabalaren neskek, oraingo honetan etxetik kanpo, Bera Berari egingo baitiote bisita bigarren faseko jardunaldiaren baitan.