2024/11/18 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Elorrio Rugby Taldea

Arrasate Errugbi Taldeko neskek estropezu egin dute asteburu honetan, eta esku hutsik etorri dira Gasteizetik. Eric Cuevas eta Asier Delgadok zuzendutako taldeak Gaztediri egin zion bisita zapatu arratsaldean, kategoriako liderra, eta, zoritxarrez, aurreikuspenak bete egin ziren eta etxeko taldea nagusitu zen. Zenbait unetan lehia parekatuta egon zen, eta bisitariek etzituzten besoak jaitsi baina, zoritxarrez, azkenean etxekoak 41-22 nagusitu ziren

10. minuturako 5-0 ziren aurretik arabarrak, baina 23. minutuan Haizea Zabala arrasatearrak lortutako entseguak berriro ere orekatu zuen markagailua. Gipuzkoarren pozak, baina, etzuen luzaroan iraun, bi minutu beranduago Gaztedik entsegua egin eta, transformazioan asmatuta, 12-5ekoa ezarri baitzuen.

Zorionez, bisitariek etziren kikildu, eta handik gutxira Iana Garmendiaren entseguak eta Inaya Endeizaren ondorengo transformazioak berriro ere berdinketa ezarri zuten (12-12). Zoritxarrez, lehenengo zatiko azken bost minutuetan Gaztedik bi entsegu jarraian egin eta, horietako bat transformatuz, 24-12koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Aurreko jardunaldian, Unben, Elorrioren kontra jokatutako partiduan hartutako irudia.

Bigarren zatia hasi eta berehala Gaztedik kolpe berri bat eman zuen mahai gainean entsegu berri baten bitartez (29-12), garaipena bideratuta utziz. Cuevas eta Delgadoren neskek, ordea, etzuten besoak jaitsi, eta 10. minutua bete baino lehen Zabalaren kontu pertsonaleko bigarren entseguak itxaropenerako bidea zabaldu zuen (29-17).

Zoritxarrez, Gaztediren erantzuna berehala etorri zen (36-17), bost minutu beranduago, hain justu ere. Jarraian Garmendiak ere bere bigarren entsegua lortu zuen (36-22) baina, kasu honetan ere, gasteiztarrek denbora gutxi behar izan zuten erantzuteko, entsegu berri baten bitartez (41-22).

Oraindik ordu laurden falta zen partidua amaitzeko, baina markagailua ez zen gehiago mugitu. Norgehiagoka osoan zehar kategoriako liderraren aurka erakutsitako jarreraren ostean, agian zigor handiegia zapatua AGT Arrasate/Eibarreko neskek Gazteizen jasotakoa.

Categorías: Emakumezkoak