2024/5/13 | ISEI BARBERO | Argazkiak:  artxiboa

Modurik onenean amaitu dute 2023/2023 denboraldia Arrasate Errugbi Taldeko neskek, zaleen aurrean eta garaipena eskuratuz.  Eric Cuevas eta Asier Delgadok zuzendutako taldeak Getxo hartu zuten Mojategin zapatu eguerdian, bigarren faseko azkenaurreko jardunaldiaren baitan –azkeneko jardunaldian atsedenaldia izango du konbinatu gipuzkoarrak-, eta 55-24ko emaitzarekin nagusitu ziren.

Partidua hasi eta ordu laurdenera 19-0 zen aurretik etxeko taldea, Maialen Garcia, Eider Luengo eta Oihaneren entseguekin batera, Lorea Marrek gauzatutako bi transformazioei esker.  Lehenengo zatian jaun eta jabe izan zen AGT Arrasate/Eibar eta, horren adierazgarri, 30. minutura heldu baino lehen beste hiru entsegu egin izana.  Kasu honetan protagonistak Ihintz Urkia, Lorea Segovia eta Iana Garmendia izan ziren, Lierni Anduagak gauzatutako transformazio batekin batera.

Bilbon, aurtengo denboraldian jokatutako partidua.

36-0ekoarekin heldu zen Getxoren susperraldia, lehenengo zatiaren arauzko denbora amaitzeko lau minuturen faltan.  Bisitariek entsegua egin eta transformazioa gauzatu zuten eta, honenbestez, 36-7ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek epaileak lehenengo zatiaren amaiera adieraterakoan.

Aldageletatik bueltan getxoztarrak mendeku gosez zelairatu ziren, eta lau minutu besterik ez zuten behar izan euren bigarren entsegua lortzeko.  Bigarren zatiko ordu laurdena bete baino lehen entsegu berri bat lortu zuten, markagailuan 36-17koa ezarriz eta Mojategiko harmailetan nolabaiteko urduritasuna piztuz.

Momentu horretan, baina, etxekoak lozorrotik esnatu ziren, Arrate Delgadoren entsegua eta Lierni Anduagaren transformazioarekin (43-17).  Hortik aurrera Delgado eta Cuevasen neskek partiduaren kontrola berreskuratu zuten eta, Garmendia eta Luengo arrasatearren kontu pertsonaletako bigarren entseguak lagun –Anduagaren transformazio berri batekin-, norgehiagoka erabakita utzi zuten (55-17) arauzko denbora amaitzeko bost minutu pasatxoren faltan.  Epaileak neurketaren amaiera adieraztear zela Getxok egindako entsegu berri batek baino etzuen markagailua mugitu, amaierako 55-24kora, hain justu ere.

30. urteurrena

Gauzak horrela, garaipen honekin Arrasate Errugbi Taldeko neskek amaitutzat eman dute 2023-2024 denboraldia, Eibarreko nesken laguntzarekin aurrerapauso nabarmenak emateko baliagarria izan dena.  Datorren asteburuan ospakizun eguna izango dute jokalari arrasatearrek, nesken saileko 30. Urteurrena ospatuko baitu klub zuri-moreak.  Eguerdi partean belaunaldi ezberdinetako jokalariei zuzendutako entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, 12:00etan hasita, eta ondoren guztiek elkarrekin bazkalduko dute Herri Gain elkarte gastronomikoan.  Bertan, urteurrenaren harira, Goienak ekoiztutako ikus-entzunezkoa pantailaratuko dute.

Categorías: Emakumezkoak