2024/4/22 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko neskek ezin izan dute asteburu honetan garaipena eskuratu, galdu egin dute Sarako Izarraren zelaian jokatutako norgehiagoka, eta modurik mingarrienean, gainera: gutxienekoa aldeagatik eta azken minutuan etxekoek zutoinen artera bidalitako zigor kolpea eta gero. Konbinatu gipuzkoarrak iragan asteburuan Errioxaren kontra Mojategin lortutako garaipenari jarraipena eman nahi zion baina, zoritxarrez, buru-makur bueltatu dira Lapurditik 20-19 galdu ostean.
Norgehiagoka berehala jarri zitzaien maldan gora bisitariei, Sarako Izarra bigarren minuturako 7-0 baitzen aurretik lortutako entsegua eta gauzatutako transformazioari esker. Cuevas eta Delgadoren nesken erantzuna, baina, berehala iritsi zen, bosgarren minuturako Leire Anguloren entsegua eta Lierni Anduagaren transfromazioak berriro ere orekatu egin baitzuten markagailua.
Hasierako minutuetan ikusitakoa eta gero, bazirudien partidua joan-etorrikoa izango zela eta, lehenengo zatian, behintzat, horrelakoa izan zen. Hamargarren minutua bete baino lehen lapurtarrak berriro ere aurretik jarri ziren (14-7) baina, ordu laurdena igarota, AGT Arrasate/Eibarrek berriro ere berdindu egin zuen markagailua, aurreko bi protagonista berdinekin.

Hortik aurrera indarrak parekatuta egon ziren, eta 30. minutua ate-joka zenean baino ez zen gehiago mugitu markagailua, kasu honetan Sarako Izarrak zutoinen artera bidaliko zigor kolpearen bitartez. Gauzak horrela, 17-14koarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatian AGT Arrasate/Eibar garaipena eskuratzeko helburuarekin zelairatu zen, eta saria berehala eskuratu zuen. Izan ere, 10. minutua oraindik betetzear zela, Lorea Segoviak entsegua egin eta 17-19 jarri zituen aurretik bisitariak. AGT Arrasate/Eibarrek ondo eutsi zion bigarren zati osoan zehar errentari baina, partidua amaitzear zela, epaileak etxekoen aldeko zigor kolpea adierazi zuen. Sarako Izarrak etzuen aukera alperrik galdu eta, baloia zutoinen artera bidalita, 20-19 nagusitu zen.
Datorren astean ligarik ez
Kobinatu gipuzkoarrak ez du hitzordurik izango datorren asteburuan, eta hurrengo norgehiagoka maiatza estreinatzearekin batera jokatuko du, hilaren 5eko asteburuan, hain justu ere. Azken hirugarren jardunaldiaren baitan Cuevas eta Delgadoren neskek Txingudiri egingo diote bisita eta, handik astebetera, Getxo izango da bisitan etorriko den taldea. Oraindik jokatzeke dago, estreinaldiko jardunaldian, Iruñearen kontra atzeratutako partidua. Bigarren fase honetako azken jardunaldian AGT Arrasate/Eibarren atsedenaldia izango du.