2026/10/4 ISEI BARBERO | Argazkiak: Ricardo Santa Cristina

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek denboraldiko lehenengo garaipena dute patrikan jadan. Zapatu arratsaldean Julen Barrutiaren mutilek 2026/2027 ikasturteko estreinaldiko partidua jokatu zuten Mojategin, Baztanen kontra, eta markagailuan atzetik hasi baziren ere, azkenean 33-13ko emaitzarekin nagusitu ziren. Esan beharra dago, Euskadiko Errugbi Federazioak kaleratutako egutegiaren arabera, Nafarroan jokatu beharreko partidua zela honako hau baina, bi taldeek horrela adostuta, atzokoa Mojategin jokatu zen eta bigarren itzulikoa Lekarozen jokatuko da.

Norgehiagoka ez zen ondo hasi Kanpanzar Arrasaterentzat, ordu laurdena bete orduko etxekoak 3-10 baitziren atzetik. Kanpanzar Arrasatek markagailua berriro orekatzea lortu zuen baina, Baztanek zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri batek, berriro ere aurretik jarri zuen talde nafarra (10-13). Barrutiaren mutilek, ordea, ez zuten etsi, eta atsedenaldira joan aurretik zutoinen artera bidalitako zigor kolpea eta entsegu berri batek 20-13koa ezarri zuten markagailuan. Emaitza horrekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

Lehenengo zatian ez bezala, bigarrenean Kanpanzar Arrasate jaun eta jabe izan zen, eta talde zuri-moreak orotara beste bi entsegu lortu zituen, kasu honetan ere transformazioetan hutsik egin gabe. Hori gutxi balitz, sarrailagileek ere etekin ezin hobea atera zieten epaileak adierazitako zigor kolpe pare bati, baloia zutoinen artera bidaliz. Gauzak horrela, amaieran Kanpanzar Arrasate nagusi 33-13ko emaitzarekin, hasi berri den ikasturteko lehenengo garaipena poltsikoratuz.

Datorren asteburuan ez da liga jardunaldirik izango Euskal Ligako lehenengo mailan baina, bi aste barru, Julen Barrutiaren mutilek etxetik kanpo jokatuko dute, Faduran, Getxoren kontra. Getxo eta Baztanekin batera, honako hauek izango dira talde arrasatearraren aurkariak denboraldiko sailkapen fase honetan: Eibar, Durango, Uni Bilbo, Zarautz, Atletiko San Sebastian, Errioxa eta Uribealdea.

DSC_6590
Categorías: Seniorrak