2025/1/19 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa (L. Iturbe)

Irribarretsu amaitu dute asteburua Arrasate Errugbi Taldeko neskek, igande honetan, Gasteizen, Gaztediren kontra jokatutako lehian aise nagusitu baitira. Konbinatu gipuzkoarrak hasiera hasieratik bideratu du norgehiagoka eta, atsedenaldira 10-33ko errentarekin joan eta gero, azkenean 20-54 nagusitu da.

Esan bezala, lehen unetik bideratu dute partidua Delgado eta Zabalaren neskek, hamargarren minutua igarota 0-12 baitziren aurretik Maren Garciak eta Sofia Kondek lortutako entseguei esker -Lierni Anduagaren transformazioa barne-. Lehenengo zatian beste hiru entsegu lortu ditu AGT Arrasate/Eibarrek -Eider Luengo, Libe Argoitia eta Malen Esparzarenak- eta, guztietan, Anduagak ez du hutsik egin transformazioa gauzatzerakoan. Lehenengo zatiko azken bost minutuetan bi entsegu lortu ditu Gaztedik eta, testuinguru honetan, nolabaiteko itxaropenarekin (10-33) joan dira atsedenaldira gasteiztarrak.

ART-ko neskek 2022an Gasteizen jokatutako partiduko irudia (Lartaun Iturbe)

Bigarren zatia hasi eta berehala Esparzaren entsegu berri batek, Anduagaren transformazioarekin batera, bisitarien errenta 10-40raino handitu du. Ordu laurdena bete baino lehen etxekoen nolabaiteko erreakzioa egon da beste bi entseguekin baina, 20-40koarekin, Delgado ta Zabalaren neskak ez dira kikildu, eta Eider Luengoren beste bi entseguk, Anduagaren beste horrenbeste transformazioekin, lehia erabakita utzi dute.

Gauzak horrela, bigarren fase honetako bigarren partidua jokatuta, gaurko garaipenaren ostean laugarren postuan kokatu da AGT Arrasate/Eibar. Gipuzkoarrek bost puntu dituzte patrikan, eta datorren astean Elorrio/Urgozo konbinatuaren kontra neurtuko dituzte indarrak etxean.

Categorías: Emakumezkoak