2025/1/11 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko neskek ez dute amestutako urte hasiera izan, gaur, zapatua, galdu egin baitute Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partidua. Bigarren faseko estreinaldiko jardunaldiaren baitan kokatutako norgehiagoka zen gaurkoa eta, zoritxarrez, hasiera hasieratik ez dira gauzak nahi bezala hasi AGT Arrasate/Eibarrentzat. Arrazoi ezberdinak tarteko, konbinatu gipuzkoarreko entrenatzaile Asier Delgado eta Joseba Zabalak 12 jokalari baino ez dituzte izan euren aginduetara eta, testuinguru honetan, bilbotarrak aise nagusitu dira. Bigarren zatian bisitariek fisikoki freskotasun handiago izan dute, eta azken emaitza 4-55 izan da.

Bosgarren minutua bete bano lehen lortu dute aurreneko entsegua bisitariek eta, 20. minutua bete orduko, 0-12 ziren aurretik. Une horretan Malen Esparzak AGT Arrasate/Eibarren aurreneko entsegua lortu du, itxaropenerako bidea zabalduz. 5-12ko emaitzarekin joan dira atsedenaldira bi taldeak aurreneko 40 minutuak agortuta.

Aldageletatik bueltan, baina, agerian geratu da konbinatu gipuzkoarrak ordezko jokalaririk etzuela. Bigarren zatia hasi bezain pronto Uni Bilbok errenta handitu egin du entsegu berri baten bitartez eta, hortik aurrera, bizkaitarren tantoak bata bestearen atzetik etorri dira. Bisitariek beste bost entsegu lortu dituzte, horietatik bakarra transformatuz, eta amaierako 5-44koa markagailuan ezarriz.

Gauzak horrela, burumakur hasi du urtea, eta baita bigarren fasea ere, AGT Arrasate/Eibarrek. Datorren asteburuan konbinatu gipuzkoarrak aukera berri bat izango du garaipena eskuratu eta norabidea zuzentzeko, Gaztediri egingo dion bisitarekin. Elorrio/Urgozo, Bera Bera, Sarako Izarra eta Errioxa izango dira AGT Arrasate/Eibarren beste aurkariak denboraldiko bigarren txanpa honetan.

Categorías: Emakumezkoak